Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Zaldia balkoian

Norbaitek, zaldi bat laugarren solairuko balkoian ikusten duenean, itaun hau egiten dio bere buruari: zelan demontre heldu da zaldia balkoira? Norbanako horrek beste bati itaun bera egiten dionean, galdera jasotzen duenak ere bere buruari gauza bera itauntzen dio: zelan demontre heldu da zaldia balkoira? Itauna behin eta berriz eginagatik, inork ez daki erantzuten, ezinezkoa ematen duelako; hala ere, zaldia balkoira heldu da. Eta balkoi osoa hartzen du. Izan ere, zaldiak balkoia oso-osorik hartzen duelako, ezin da beste inor hara sartu.

Horrelako zeozer jazotzen da Espainiako Parlamentuan. Egunean-egunean eskaintzen dizkiguten ikuskizunak egokiagoak dira zirku baterako, politikaren antzerako baino. Eta itaun bera datorkit burura: zelan heldu dira horiek Parlamentura? Inork ez daki erantzuten, baina Parlamentuko jarlekuak hartu dituzten horiek merezimendu hobeak dituztenei kendu diete lekua. Gizakume baliotsuak barik, balkoiko zaldien parekoak direnek hartu dituzte eurek merezi ez dituzten lekuak.

Bekataria esan barik, bekatua ekarriko dut gomutara. Juan Jose Ibarretxe zen Euskadiko lehendakaria. Oposizioko buru bat jarki zitzaion lehendakariak eroandako proposamenari. Ez arrazoietan oinarrituta, ezpada txotxongilo batek egiten duen modura hari hariak higiarazten zizkionak esan ziolako jarki behar zitzaiola. Oposizioko hark, ostera, ez zuen berba eta diskurtsoa egiteko behar beste mailarik. Orduan, faxez bidali zioten lehendakariari eman beharreko erantzuna… eta irakurtzen hasi zen: “Señor Matías”.

Orduan, lehendakariak erantzun ospetsu hau eman zion: “Zu politikan zaude teknologiari esker”. Eta arrazoi osoa zuen. Osoa ez. “Teknologiari eta eskrupulurik ezari esker” egokiagoa izango zatekeen, baina kortesia parlamentarioa… Gaur egun, Espainiako Erresumako Gobernuko presidenteak eta oposizioko buruak jendaurreko batzar bat egin dute, ia 450 egun igaro eta gero. Horren aurrean, nik neure buruari: zelan demontre heldu da zaldia balkoira?