Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Jesukristo Alabaman

Alabamako biztanle gehientsuenek (% 80k baino gehiagok) euren burua kristau dute. Eta badakigu, Bibliaren lehenengo liburuaren, Hasieraren, 1. kapituluko 27. txatalean hauxe esaten dela: “Jainkoak, beraz, bere antzeko egin zuen gizakia; Jainkoaren beraren irudiaren arabera egin zuen; ar eta eme egin zituen”. Jakina, alabamar horiek guztiek uste dute Jaungoikoaren irudikoak direla, hau da, zuri-zuriak direla, Jaungoikoa zuria zelako, haren tankerakoak direnez gero.

Alabamako kristauen iritziz (bai eta neure ustez ere), Jesukristo Jainkoaren semea da; izan ere, honela esaten da Testamentu Berriko Mateoren ebanjelioaren 26. kapituluko 39. txatalaren arabera: “Ene Aita, ahal bada, urrun ezazu niregandik edari samin hau”. Laburbilduz, gizakiak, eta, haien artean, Alabamako herritarrak Jainkoaren seme-alabak izateagatik haren irudiko direnez gero, Jainkoa zuria da. Eta horrela antolatu dute Alabaman egia “kristaua” edo kristauen “egia”: Jesusek zuria izan behar zuen.

Horiek Bibliako kontuak dira; Bibliako kontuek badute sustrai historikorik, baina ez dituzte historiaren eta zientziaren oinarriak betetzen. Izan ere, Jesusek garai hartako herritarren ezaugarri morfologikoak izan behar zituen, eta, horrenbesterekin, ezin zen zuria izan. Gaur egungo palestinarren eta israeldarren itxura ikustea baino ez dago. Zuek ikusten badituzue horko biztanleak, eta haien gorputzen ezaugarriak aztertzen badituzue, horiek urrun daude Alabamako zurien parametro fisikoetatik.

Hau da, Alabamako zuriek ez zioten Jesukristori zurientzako autobus-jarlekuetan jartzen lagako segregazionismoaren garaian. Gaur egun ere, Alabamako zenbait tokitan eta zenbait instituziotan sartzeko arazoak izango lituzke Jesukristo Jaungoikoaren semeak, nahiz eta alabamarrek uste izan eurak Jaungoikoaren irudiko sortuak direla: usteak uste, erdiak ustel. Horrelaxe lortzen da erabateko aporia: kristauak antikristauak izatea. Bada, hori egiaztatzeko, ez dugu zertan Alabamaraino joan.