Izadiak badu bere ordena: naturaren ordena edo ordena naturala. Ordena naturalak lege jakin batzuen arabera jarduten du. Ordena naturala nahasten denean, berez sorrarazi beharko lituzkeen ondorioak aldatu egiten dira, eta ondorio horien ondorioek nahastea sortzen dute. Itxarotekoa zen emaitza bestelakotzen da. Egiak lurrarekin tope egiten duenean kristalezko begia baino faltsuago bihurtzen da. Okerreko prismatik begiratzen zaio lehengo ordenari. Ordena naturala galdu egin da.
Ordena hori berez aldatua ez bada, inork kanpotik edo barrutik eragindako aldaketa bada, batzuen ordez beste batzuk jartzeko ordena naturalaren legeei jarraitu barik, orduan ordena desnatural horrek iraungo du ordenaren aldarazleek dirauten bitartean, baina ordena hori ez da berezkoa, ez da baketsua, ordu arte izadiko partaide guztiek onartutako ordena hori batzuek aldarazi dutelako, joko-arauak aldatu dituztelako ordena naturalaren legeak uzkaili dituztelako. Aldarazpen horri besteak jarkiko zaizkie.
Naturaren aldaketa desnatural horien ondoriorik txarrena ez da batzuk beste batzuen ordez jartzea, ezpada ordu arte guztiek aintzat hartutako arauek indarra galtzea; horrela, modu jakin batera jarduteko aurrekaria sortzen da, naturala ez den jokamoldea sortzen da; edonori edozer egiteko abagunea sortzen zaio. Ordu arte legitimitaterik ez zuten joerak, portaerak, jokabideak zilegi dira, naturaren ordena hori uzkaili nahi dutenek badutelako aurrekari une horretan goian daudenen jokaera.
Horrela Aristotelesen planteamenduetara heltzen gara. Aristotelesek esan zuen gizakiak natura menderatu behar duela eta bere burupean jarri, baliabide bat baita. Aristotelesek planteamendu hori egin zuenean ez zuen gogoan hartu gizakiak ere badirela naturako; izadian bizi dira eta, hori suertatzen denez gero, guztiok zaindu behar ditugu gutxieneko arau batzuk. Guztiak ez du balio. Ez da tximeletaren efektua bakarrik. Miruarena ere izan daiteke, eta miruak ehizakiak baino ez ditu gogoan.