Black Friday -aren aitzakian hamaika eskaintza iristen ari zaizkidan egun berean, arropa-hondakinen argazki bat ikusi dut, Greenpeacek Tailandian egina. Zabortegi batean pilatutako arropa eta oinetako tonak: futboleko bota batzuk ikusten ditut lehen planoan, ta haiekin batera prakak, jertseak, zapata takoidunak, botak, kamisetak eta beste hainbat jantzi trapu bihurtuta. Espainiako estatuan bakarrik, urtero milioi bat tona arropa-hondakin pilatzen da. Lehen munduan erosten dugun arropa merkea, azkar erabili eta botatzekoa, Asia, Afrika eta Hego Amerikako zabortegietan bukatzen duena. Greenpeacek ohartarazi digu premiazkoa dela arropen ekoizpen eta kontsumo azkarra murriztea, eta horrekin batera produktuen kalitatea handitzea, gero eta material sintetiko gehiago erabiltzean hondakin horiek kutsatzaileagoak eta toxikoagoak bihurtzen direlako. Argazkiari begiratzen diot eta ezin dut saihestu arroparen ekoizpen gero eta plastifikatuagoa gizartearen nolabaiteko plastifikazioarekin bat datorrela sentitzea, zentzu guztietan. Ez bakarrik estetikan, silikonazko ezpainen eta neska nerabeei erasotzen dien “kosmetikorexia” kezkagarriaren garai honetan. Plastifikazio hori gure harremanetan ere ikusten dut, gero eta kapsulatuagoak eta birtualagoak sentitzen baititut; edo gure modu eta dotorezia gero eta eskasagoan, edukazio low cost-a gailendu den honetan; edo eztabaiden sakontasunean, bisuteria merkearen maila urratzen duten solasaldiekin. Greenpeaceren argazkiari begiratzen diot, eta ezin dut saihestu baztertzen ari garen kalitatezko gauza guztien zabortegi handi bat irudikatzea: han daude trapu bihurtuta eztabaida sakon eta lasaiak, bestea entzuteko joera, azalaren kontaktua, munduarekiko interesa, sentimendu kolektiboa, edukazioa, kulturarekiko maitasuna... Denak zabortegira botata. Agian gu ere plastifikatzen ari gara, eta hori ere ingurumen-hondamendi bat da.