Eskerrik asko, lehendakari. Eskerrik asko, arrazoi askorengatik. Leku txikia dut arrazoi horiek guztiak agertzeko, baina orain burura datozkidanak azaltzen ahaleginduko naiz. Zuk POLITIKA egin duzu, bai letra larriekin; gauzen politikaz arduratu zara, eta ez politikaren gauzez. Hori politikari gutxik egiten du. Jakina, hori egiteko, maila handiko pertsona izan behar da, ez badaezpadako bat. Zuk eta zure moduko politikariok politika letra larrietan ipintzen duzue, politika ARTE bihurtzen duzue. Politika simaurretik, lokatzetik ateratzen duzue eta goraipatu egiten duzue, zerbait ohoragarri bihurtzen duzue. Eskerrik asko, lehendakari.

Berba bat erabili beharko banu zu aurkezteko, ZUZENTASUNA erabiliko nuke. Zuzena, erabakietan, zuzena jardunean. Zuzena, errakuntzak onartzean, zuzena inorenak epaitzean. Betiere, eta errakuntzez dihardugula, ezin dugu ahaztu betegintzarrea jainkotiarra bakarrik dela, inperfekzioa, berriz, gizakumeona. Ez litzateke txarra izango Joan ebanjelariak agertutako pasarte hau gomutaraztea: «… zutitu zen Jesus eta esan zien: Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurti diezaiola lehen harria».

Izan ere, une latzak suertatu zaizkizu, une atsekabeak, bihozmina ematen dutenak… norberak bakarrean pairatu behar dituenak, ohera joanik ere beratzen ez direnak. Une horietan, ostera, samurtasuna, biguntasuna, beratasuna jaso beharrean, bihotz-gogorkeria, lazkeria, zitalkeria hartu dituzu. Jarrera horiek argi eta garbi erakusten dute horrela jokatzen dutenen izaera. Lukas ebanjelariak zioenez, “nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez?”. Zuri giza kasurik gogorrenak jazo zitzaizkizunean, saiak bezala jardun zutenek ez zuten mina edo desagertzea edo heriotza jasan zutenen alde egin, ezpada sarraskijalerik okaztagarrienak gisa jokatu zuten. Zuk, ostera, zeure ohiko giza maila handiari eutsi zenion. Bihoakizu nire sentimendurik minena arestian galdu duzun zure amagatik. Goian bego.