Galdakaoko Udalak ezagutzera eman ditu irailaren 12tik 20ra bitartean ospatuko diren Santakurtzak jaietako kontzertu nagusiak. Aurreko urteetan bezala, herritarrek parte-hartze prozesu baten bidez aukeratu dituzte euren talde gogokoenak. Beti bezala, kontzertuak Ardantza parkeko eszenatokian egingo dira.
Prozesuak herritarren parte hartzea, Jai Batzordearen lana eta Kultura arloaren jarduna uztartzen ditu, eta galdakoztarren gustuetara egokitutako eta askotariko musika eskaintza osatzeko tresna egonkor gisa sendotuta dago jada. Aurtengo edizioan, gainera, zenbait doikuntza egin dira prozedura arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Aldi berean, aurkeztutako aukerak bideragarri izatea eta orekatuta egotea bermatu da.
Azken urteetako bideari jarraituta, Santakurtzetan zein talde edo artistak arituko diren erabakitzeko duen izaera parte hartzailea mantendu da aurten ere. Zentzu horretan, guztira 785 boto jaso dira: 483 herritarren parte hartze plataformaren bidez eta 302 herriko hainbat puntutan jarritako hautestontzietan.
Irailaren 11ko kontzertua, bestalde, Jai Batzordeak erabaki du, elkarte eta kuadrillen arteko barne bozketa prozesuaren bidez.
Herritarren parte hartze horren ondorioz, Santakurtzetan arituko diren taldeak honako hauek dira:
Irailaren 11, ostirala: Neomak
Euskal tradizioa gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatzen duen lau emakumek osatutako musika proiektua da Neomak; proposamen oso pertsonal eta ezaguna. Kideen euskal folk esparruko aurretiko ibilbidetik sortu zen taldea, eta sustraia eta modernitatea uztartzen dituen soinurantz eboluzionatu du, presentzia eszeniko sendoarekin eta zuzeneko zainduarekin. Azken lana ‘Lazturak Orbain’ (2025) da, euren bigarren diskoa. Bertan soinu helduago eta anitzagoa arakatzen da, folk, elektronika eta pop ukituak txertatuz. Diskoak bizitzako aldaketak, beldurrak eta orbain emozionalak jorratzen ditu, eta euskal musikaren egungo eszenako proiektu berezienetako baten bilakaera sendotzen du.
Irailaren 12, larunbata: Kaotiko
Aguraingo punk-rock taldea da Kaotiko, 2000an ibilbidea hasi zuena, zuzeneko indartsu eta soinu energetikoagatik ezaguna. Rock eszenan ibilbide luzea du, eta bere letrak gizarte kritika, eguneroko bizipenak eta jarrera aldarrikatzailea uztartzen ditu. Urteen poderioz, punk-rockaren esparruan talde ezagunenetako bat bihurtu da eta bere ibilbidean zehar euskarari keinuak eta kantak ere txertatu dizkio. Iaz ‘XX5’ diskoa argitaratu zuen, bere 25. urteurrena ospatzeko, bere ibilbideko 25 abesti esanguratsu berriz grabatuz, soinu berrituarekin. Diskoak energiak, konpromisoak eta euren ibilbidea definitu duten ereserkiek markatutako bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea jasotzen du.
Irailaren 18, ostirala: Les Testarudes
Les Testarudes 1996 eta 2003 urteen artean jaiotako hamar emakumek osatutako proiektua da, interes komun baten inguruan elkartu direnak: emakumeen presentzia agertokietan eta haien lanaren ikusgarritasuna, bai konposizioaren bai sorkuntza artistikoaren arloan. Taldea musikaren munduan ahalduntzeko eta gizonezkoen nagusitasunak markatutako estiloetan (ska, rocksteady eta reggae, adibidez) euren lekua hartzeko espazio bat sortzeko beharrak eraginda sortu zen 2023an. Single formatuan argitalpen berriak ditu eta bere ibilbidea etengabe hazten ari da, bereziki zuzenekoetan erakusten duen indarra eta proposamen musikalari esker.
Irailaren 19, larunbata: Latzen
90eko hamarkadako euskal rock talde esanguratsuenetakoa da, Oñatin jaioa. Bere musikak gitarra indartsuak, melodia biziak eta euskarazko letrak uztartzen ditu, gai pertsonalak zein sozialak jorratuz. Hasierako jardueraren ondoren, taldeak erreferentziazko izaten jarraitu du euskal musika eszenan. Formazioak bere ibilbidea berreskuratu du, laukotea berrituz eta proposamena biziberrituz, eta iraganeko ideiak gaur egungo ikuspegiarekin uztartzen ditu. Disko berria aurkeztu du berriki: ‘Denboraren orbainak’.