Astelehen honetan goizean, apirilaren 20an, Bizkaia Green Corridor ingurumen-korridorearen hirugarren jardunaldiaren egoitza bihurtu da Bizkaia dorrea. Interbiak foru-sozietateak, Aclima-Basque Environment Cluster eta BAT B Accelerator Tower entitateekin lankidetzan antolatu da ekimen hau.
Topaketan, erakunde, teknologia, jakintza eta enpresa-eremuetako 200 eragile inguru bildu dira, helburutzat hartuta aurrerapenak aztertzea, esperientziak partekatzea eta aukera berriak esploratzea; izan ere, Bizkaia Green Corridor ingurumen-korridorearen Europako proiekzioa indartu nahi dute, bide-azpiegitura jasangarriagoetarako berrikuntza-plataforma baita.
Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko saileko foru diputatuak eman dio hasiera jardunaldiari eta, bere hitzaldian, duela gutxi onartutako Eraginkortasun eta Klima Aldaketaren Plana eta Bizkaiko Foru Aldundiko sail guztiak trantsizio ekologikoan aurrera egiteko garatzen ari diren zeharkako lana nabarmendu ditu, erakundeak berrikuntzarekin, jasangarritasunarekin eta herritarren ongizatearekin bat datorren azpiegitura eredu batekin duen konpromisoa azpimarratuz.
Proiektuen aurkezpena
Topaketak balio izan du EAEko eta Europako proiektuak aurkezteko eta balioesteko, bide-azpiegituren jasangarritasunari lotuta baitaude. Bizkaia Green Corridor lurraldean garatutako ekimenen eta Europa mailako erreferentziazko proiektuen arteko nodo egituratzaile sendo bihurtu da. Gainera, Interbiaken eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eginkizuna ere indartsua izan da, eragile gisa parean dauzkatelako berrikuntzaren, erresilientziaren eta trantsizio ekologikoaren arloko agenda komunitario nagusiak.
Jardunaldiaren une nabarmenetako bat Carlos Kuchkovskyren hitzaldia izan da. QCentroiden zuzendari exekutiboa eta sortzaileetako bat da bera, eta bere hitzaldian adimen artifizialaren potentzialean eta jasangarritasunari aplikatutako konputazio kuantikoan zentratu da. Haren parte-hartzeak ikuspegi prospektibo bat ekarri du, azaldu baitu zer-nolako eginkizun eraldatzailea duten teknologia horiek azpiegituren sektorean eta erabaki eraginkorragoak eta arduratsuagoak hartzeko orduan.
Horretaz gain, saioan, balantze bat egin da lankidetza publiko-pribatuaren esparruan testatutako proiektuen eta jarduketen gainean, lankidetza horri esker, ingurumen-korridorea berrikuntza irekiko eredua izan daiteke eta. Ekimen horiek eragina dute eremu batean baino gehiagotan, hala nola ingurumen-kalitatean eta -osasunean, ekonomia zirkularrean, natur baliabideen kontsumoaren murrizketan, energia-eraginkortasunean, autokontsumoan, eta, zer esanik ez, azpiegitura berdeen eta ekodiseinuan.
Lehenengo blokeak
Programaren lehen blokea Bizkaia Green Corridor ingurumen-korridoreko proiektu estrategikoei buruzkoa izan da, eta funtsezko zenbait lan-ildo jorratu dira. Interbiakek bide-azpiegiturei aplikatutako jasangarritasun-bulkada berriak aurkeztu ditu; MendiTechek, berriz, erabilera-kasu bat azaldu du: zuntz optikoaren bidezko sentsorizazioa, mugikortasuna adimenez kudeatzeko. Bestetik, Lantiken hitzaldian, autobideei aplikatutako datuaren gobernua izan da ardatza.
Bloke horren amaieran, BC3 (Basque Center for Climate Change) zentroko ikertzaile Stefano Balbiren hitzaldia izan da. Haren ikerketetan, aztertu du zer-nolako inpaktua duen klima-aldaketak errepideetan eta nola egokitu behar den bide-sistema gero eta gogorragoak diren agertoki klimatikoetara.
Topaketaren bigarren zatian, erreferentziazko zenbait ekimen eta entitate izan dira parte-hartzaileak, hauek, adibidez: Rijkswaterstaat, Forum of European National Highway Research Laboratories (FEHRL), CIRCUIT proiektuaren bidez, eta Tecnalia, LIASON proiektuaren bidez. Horien guztiorien ekarpenek argi utzi dute Bizkaia Green Corridor Europako berrikuntza- eta ikerketa-agenda nagusien ildo berean dagoela.
Ekitaldiaren amaiera
Jardunaldian, horren ostean, Aclimaren zuzendari nagusi Olga Martínek, bere aurkezpenean, azaldu du zelako emaitzak izan diren Interbiaken eta Aclimaren arteko hitzarmenaren esparruan garatutako proiektuetan. Izan ere, hitzarmen horren helburua da irtenbide berritzaileak sustatzea emaitza egiaztagarriak lortu arte. Gune horretan, aditzera eman dira gaur egun Bizkaia Green Corridor korridorean garatzen ari diren beste proiektu batzuk, Bizkaiko Foru Aldundiak bide-azpiegituren berrikuntza sustatzeko ematen dituen dirulaguntzen dekretuaren babespean garatutakoak, hain zuzen.
Zizare enpresak proiektu bat aurkeztu du ur beltzak tratatzeko, zizare-iragazkien bidezko tratamendu deszentralizatu bat, hain zuzen. Sercontrolek, berriz, Handia Road proiektuan emandako aurrerapausoak partekatu ditu; proiektu horren ardatza errepideko zirkulazioari lotutako emisioen monitorizazio aurreratua da.
Bestetik, BAT B Accelerator Tower zentroak bere ekosistema ekintzailetik sortutako ekimen berritzaileak eman ditu aditzera, besteak beste, teknologia sakoneko bi enpresa, hau da, Photokrete eta Global Datum AI enpresak; izan ere, jasangarritasunari aplikatutako berrikuntza teknologikoaren potentzialaren adibide argiak dira.
Jardunaldia amaitzeko, Interbiak foru-sozietateko zuzendari kudeatzaile Olatz Atxak Green Corridor korridorearen hurrengo urratsen ikuspegia partekatu du, eta haren posizionamenduan jarri du indarra, batetik, erreferentziazko plataforma delako azpiegitura jasangarrietarako irtenbide aurreratuak garatzeko, eta, bestetik, trantsizio ekologikoaren arloko Europako ekimenekiko konexio-nodoa delako.