dENOK ukatzen dugun errituala baten partaideak gara, bertan buru belarri sartuak. Guztien arteko topikorik topikoena egi bihurtzeko beharra sentitzen dugu akaso: urtarrilaren hasieran norbaitek reset botoia sakatzen duela mundu zoratu honetako partekatzen dugun bizitza hutsetik hasteko, hau da, atzo izugarrikeria zena gaur dagoeneko ez dela. Ez dago engainu handiagorik: orain dela urtebete, Ukrainako gerrara ohitua zen mundua, aurreko urteetan zeuden gatazka berberak ahaztuz, urte berriaren alde topa eginez. Gaur egun, egoera berean, nahitaz deus ikusi gabe begiratzen jarraitzen dugu: Europan bizi ari garen gerra areagotu egiten da; munduko behartsuek bizitza jokoan jarraitzen -edo galtzen- dute gero eta etsaitsuagoa zaien helmuga batera iristeko ahaleginean; munduan zehar banatutako errefuxiatu-esparruetan, benetako aire zabalean kartzelak, nekez bizi diren pertsonen kopurua etengabeki hazten da; baina, ezinezkoa dirudien arren, izugarrikeria edota infernu berri baterako beti dago aproposako lekua, zoritxarrez. Iazkoa Palestinako historia osoan urterik odoltsuena izan da. 3 hilabete izan dira soilik baina zifrak beldurgarrik dira eta areagotu besterik egingo ez dute; Netanyahu Gobernuak, urriaren 7tik hona, batez beste 250 pertsona hil ditu egunero Gazan, gehienak emakumeak eta haurrak; milaka eta milaka zauritu daude, nork daki zenbat desagertu hondakin azpian; Gazako etxeen % 70 suntsituak izan dira, ez da itzultzeko lekurik geratuko; bonbardaketa indiskriminatuez haratago, Israelek eta bere aliatuek Gazako zerrendan mantentzen duten blokeo gupidagabea palestinarren heriotza geldoa baina segurua sortarazten ari da, genozidioaz hitz egingo genuke beste edozein egoeratan; eta Gaza ez izan arren, ez dezagun ahaztu Zisjordania.
Tira… Mundu hobe baten alde ahal dutenok topa egiten dugun bitartean, 2023 urtea amaitu zuen bezalaxe 2024. hasi du Israelek: palestinarren lurrak bonbardatuz eta zibil errugabeak hilez. Atzerako kontaketa? Ezinezkoa. Urte berria? Nahiago nuke. Amen.