Europar Batasunak inoizko bakealdirik eta garapenik handiena ahalbidetu du, bai eta giza eskubideen garapenik osoena ekarri ere. Horiek horrela, ispilu bilakatu da herrialde askorentzat, herritarren eskubideak hankapean hartu dituztenentzat zein boteretsuago direnentzat ere. Ez da kasualitatea Errusiak Europar Batasuna ahultzeko etengabe egiten diharduen ahalegina: erkidegoaren pisua eta garrantzia beheratuz; estatuetako hauteskundeetan eragiten saiatuz, betiere, Europar Batasuna auzitan jartzen dituzten gizataldeak aupatuz; gezurrak zabalduz eta herritarren artean ezinegona hedatuz. Baina Errusiak ezusteko aliatua erdietsi du, Trump AEBko presidente izendatu eta gero.
AEBko presidenteak malda-beheran sumatzen du Europa, besteak beste, urteetan zaurgarrienen eta giza eskubideen alde hartu dituen erabakiengatik, bai eta atzerri politikan orobat erakutsi duen jarreragatik ere. Era berean, Europa merkatua da presidente estatubatuarrarentzat, armak salerosteko edo bestelako lehengaiak erosteko. Otzandutako Europa behar dute potentzia handiek eta horretarako ahalbait ahulen izan dadin bilatzen ari dira, atzerri politikan bazterrean lagaz eta, muga-zergak eta Ukrainako erasoa tarteko, ekonomia indargetuz. Bi potentzia handienen artean eta, Errusiaren aliatua den Txina gibelean dutela, bestelako irizpideen arabera gobernatu nahi dute mundua.
Hiru potentzia nagusiek badituzte antzekotasunak, nahiz eta desberdintasunak ere badiren, giza eskubideei, zaurgarrienak babesteari, nazioarteko politikari edota demokrazia egikaritzeari buruz ari garenean. Horrexegatik, atentzioa deitzen du gure artean lurralde horietako buruzagiek zein erregimenek hainbeste aldezle izatea.
Europa lokartuta dago, shock egoeran, are hobeto esanda. Urteetan, AEBren mantalpean jardun du, eta Europazalea ez den agintari bat iritsi denean, josturak askatu zaizkio. Gainera, identitate krisi gogorrean bizi da, geroz eta indartsuagoa den migrazioari erantzun ezinik, gero eta zaharragoa den gizartea eraberritzeko eta kohesionatzeko egitasmo bateratu eta sendo baten faltan. Dirudienez, bakoitzak nahi duena egin dezala… edo dezakeena egin dezala da nagusitzen ari den leloa, eskuinaren eta eskuinetik are muturrago lerrotzen diren gizataldeen gozamenerako.
Europak itzartu beharra dauka. Europar proiektua berrikusi eta eguneratu beharra dauka, europarron artean ilusioa berpiztuz, egitasmo aurrerazale eta irekia irudikatuz. Europak erakundeak hurreratu behar ditu, interes-taldeen, burokraten eta bestelakoen atzaparrak gainetik kenduta. Inoiz baino beharrezkoa dugu Europa, batasuna, egitasmo partekatua, gizartea garatzen segitzeko eta ehuntzeko.