Hasteko, adieraz dezadan, Europan, euskara, galegoa eta katalan hizkuntzak, era mugatuan bada ere, aitortzeak baduela bere garrantzia, batez ere, ikuspegi sinbolikotik. Ikuspegi praktikotik, ordea, izan dezakeen eragina txikia izanda ere, aurrekari garrantzitsua ezar dezakeenez, aukerak irekitzen ditu etorkizunean bestelako erabakiak hartzeko. Nolanahi ere den, ez da komeni gehiegizko espektatibarik sorraraztea. Izan ere, lehenago ikusi ditugu hizkuntza gutxiagotuak babesteko asmoz hartutako erabakiak nahierara aplikatu direla Europar Batasuneko estatu bakoitzaren interes, jarrera zein bestelakoen arabera.
Urrutira joan gabe, hor dugu Frantziako Errepublikaren adibidea. Horrek, Budapesten, 1999ko maiatzaren 7an, 1992ko Hizkuntza Erregional eta Gutxituen Europako Gutuna izenpetu eta hainbat konpromiso hartu zuen. Alabaina, konpromiso horiek berretsi eta garatu gabe segitzen dute, eta Europako erakundeek hartutako konpromisoak betearazteko inolako ahaleginik ez dute egiten. Ez hori bakarrik, komeni da gogoraraztea, Gutuna onartu eta gutxira, Frantziako Errepublikak aldaketa bat egin zuela konstituzioan frantsesa Errepublikako hizkuntza legez ezarri zuena.
Espainiaren kasuan badago zer hausnartu. Estatu legez hartutako konpromisoak bete-tzea, hein handi batean, autonomia-erkidegoen bizkar laga du. Horrek ekarri du Gutunaren edukia gauzatzeko orduan, edukia husten duten erabaki andana hartu ahal izatea, besteak beste, Nafarroan, euskal hiztunentzat eta euskal hiztun komunitatearen-tzako iraingarriak suertatzen diren egoerak sorraraziz. Espainiak hasieratik iskin egin dio hartutako konpromisoei, ahaztuz, besteak beste, hizkuntza gutxiagotuak babesteko eta sustatzeko daukan erantzukizun zuzena, besteak beste, Espainiako Konstituzioan ere jasotzen delarik.
Europa joko zelai zaila da. Halako gaietan erabakiak hartu behar dituztenen artean askotariko errealitateak barruratzen direlako. Batzuek gutxiengoak dituzte, estatu modernoak sortu aurretik bazirenak eta, ahuldu badira ere, dirautenak; bestetzuk, Europak historian barrena bizi izandako gorabeherengatik, estatuetako mugak aldiro marraztu diren bakoitzean, beste estatu eta hiztun elkarte baten parte zirenak eta beste batean geratu direnak; edota, bereziki, II. Mundu Gerraren ostean, eragindako biztanleriaren lekualdatzeak direla eta, hiztun elkarteak barruratzen dituztenak. Askotariko errealitate horiek beldurrak eta aurreiritziak sorrarazten dituzte Europan barrena. Edozein gisaz, segitu behar dugu ahalegina egiten, ahaztu gabe, egiten ari garen urrats hau hasieran aurreikusitakoa baino apalagoa dela, Espainiak finantzatzeko hartzen duen ardura erabakigarria dela eta konpromiso hau etorkizunean mantenduko ez balitz, ezerezean gera daitekeela. Edozelan ere badira hainbat kontu, bideratzen errazagoak eta eragingarritasun are handiagoa izan dezaketenak eta Espainiako Gobernuak egin eta mugiaraz ditzakeenak. Besteak beste: mediku ikasketak euskaraz egiten ari direnek Madrilen euskaraz azterketa egin ahal izatea; administrazio zentralak tokian tokiko hizkuntza araubidea errespetatzea, herritarren hizkuntza-eskubideak aintzat hartzea eta enplegatu publikoen euskalduntzea bultzatzea; administrazio zentralaren titularitatepeko komunikabide publikoetan gaztelaniaz gain gainerako hizkuntza ofizialak ere kontuan hartzea eta abar luzea. Labur zurrean: Europakoa ondo dago, baina ez gaitezen horren gustukoa dugun itxurakerien eremuan gelditu, ez eta lar entretenitu ere, baitaukagu, benetan ari bagara, nahikoa zeregin!