Klima dela eta, nazioarteko hainbat batzarretan eginiko iragarpenik okerrenak aurreratzen ari dira, bai tenperaturari, bai eta klima aldaketaren ondorioz, han-hemen gertatzen ari diren ondorioei doakienez ere. Halakoei buruzko berriak etengabe azaltzen ari dira, bereziki, lurralde aurreratuenetan. Ez dakit, ordea, irtenbideetan asmatzen ari ote garen eta dena itxurakerietan geratzen ari ez ote den.
Urteroko notizia da aireportuetako hegaldi zein bidaiarien kopuruei buruzko datuak edo gure kostaldera hurreratzen diren gurutzaontziei buruzkoak. Hala berean, geroz eta oztopo gehiago jartzen ari ga-tzaizkie erregai fosilak erabiltzen dituzten ibilgailu zein bestelakoei… eta, bidenabar, hemengo araudia betetzen ez duten eta sekulako isurketak egiten dituzten herrialdeetatik hona ibilgailu elektrikoak zein hibridoak ekartzen ditugu, gure menpekotasuna areagotuz eta beste lurralde batzuetako ekonomiaren hazkundea sustatuz. Isurketekin segitu ahal izateko, bereziki, lurralde aurreratuetan, halako merkatu modukoa ere antolatu da, dirua tarteko dela, isurtzeko eskubidea ahalbidetzen duena eta abar.
Munduko mapa begien bistan jarriko bagenu, ohartuko ginateke gehien kutsatzen duten lurraldeak daudela klima larrialdiari aurre egiteko politiketatik urrunen. Are gehiago, Trump eta antzeko agintarien jarrera ikusita, bistakoa da klima aldaketari aurre egiteko agendak, etorkizunean, motelaldia izango dutena, eta egoera larriagotu egingo da. Beste alde batetik, larrialdia bestelako aukerak ere irekitzen ari delako, besteren artean, poloak urtzearen ondorioz, merkataritzan-eta eragingo duten bestelako ibilbideak ireki eta, orain arte, estrategikoak izan diren eremuen garrantzia apalarazi dutelako.
Azken finean, gure bizi-itxaropena kontuan hartuta, badirudike klima aldaketaren kontua gure ondoren datozenak pairatu eta egoera berrira egokitu beharrean egongo direnez, neurriak albait arinen hartzea ez dela presazkoa, besteak beste, ez gaudelako oso seguru, neurriak onartzeko eta ondorioak barruratzeko prest gauden. Halako jardun itundua behar da herrialde guztiak lotuko dituena edota gutxieneko neurriak hartzera behartuko dituena. Era berean, herritarrak ere behar dira kontzientziatu. Klima-aldaketari aurre egiteko jardunak erabaki mikroak eta makroak behar dituelako. Horiek horrela, ez dago argudiatzerik erabaki makroak hartzen ez diren neurrian, norbanakoak erabakiak hartzea alperrekoa dela. Azken batean, itxurakerietatik haratago, neurriak hartzeko sasoia da eta neurriok zenbat eta beranduago hartu, orduan eta gogorragoak eta bideratzen nekezagoak izango dira… egun hartu ahal diren neurri gehien-gehienek eguneroko bizimoduan eragingo dutelako, gero eta modu ezin nabariagoan.