PASA den mendeko laurogeiko hamarkadako kontua bilakatu zen martxa eta borroka esapidea, bazterretan indartzen ari ziren musika-talde jakin batzuen sormenari eta ekimenari lotuta. Hala berean, hainbat herritan, lelo hori jaiekin ere lotu zen. Izan ere, sektore jakin batzuen aldetik aspaldiko ahalegina izan da jaiak bestelako aldarrikapenekin endredatzeko eta lotzeko saiakera. Ez da kontu berria. Kasurako, euskararen inguruko zenbait ekimenetan parte-hartzea gero eta zailagoa, deserosoagoa suertatzen da ikusita ekimen horiek bestelako kontuetarako nola erabiltzen diren, hainbatetan, antolatzaileek eurek ezikusiarena egiten duten edota, are larriagoa dena, hauspotzen dituzten bitartean.

Nago herriko jaien kontua normalizatzeko eta herritar guztiena berriz bilakatzeko ahalegina egin beharko genukeela. Horrek ez du adierazi gura jaiak girotzen dituzten askotariko gizataldeek espazio propioa, bai eta baliabideak eskuratzeko aukera gisa erabili ezin dutenik, kontua da jaiak zein espazio publikoa guztiona dela eta sobera daudela, espazio publikoa erabiliz, sektarismoa eta bazterkeria hedatzen dituzten ekimenak, zenbaitetan, jaien egitarauaren barruan jasotzen direnak, bai eta hortik kanpo, jaiak patrimonializatu gurean, burutzen direnak ere.

Deserosotasunak eta eztabaidak saihestu nahian, jai-eremuan, batzuen aldetik etengabe ikusten ditugu pertsonak eta erakundeak iraintzen dituzten kartel, sasi-dekorazio eta antzerakoak. Halaber, beste aldera begiratu ohi dugu herritar guztiok, bai eta enpresa zein bestelakoek ere, zergak ordaintzen ditugunean, halako gizataldeek zergarik ez ordaintzeko jarduntzaren aurrean. Lehenengo autuari buruz norbaitek erantzun diezadake esanez ea zentsura edota adierazpen-askatasuna mugatzearen aldekoa ote naizen. Kontua da onartuko genukeen emakumeak edo bestelako gizataldeak gutxiesteko asmoz, sorturiko afixak edo bestelakoak jai-eremuetan agertzea. Bigarren autuari buruz, aldiz, nago guztiok bete behar ditugula zerga-betebeharrak... eta dirua zertan erabiltzen den ez dela inolaz ere motiboa halako eginbeharretatik inor salbuesteko.

Derradan jaiak lankidetzarako eta auzolanerako espazio bilakatu behar ditugula, aukera baliatu beharko genukeela, zernahi pentsatuta ere, auzolanean gauzak egiteko, sasoi baten egiten eta, hainbat herritan, oraindik egiten jarraitzen den gisan. Baina gurari horrek ezinbestean gauza bat eskatzen du, lagun hurkoa errespetatzea eta herri honetako aniztasuna toleratzea baino aintzat hartzea. Urtean zehar badira hamaika egun bestelako aldarrikapenetarako, manifestaldi zein bestelakoetarako, eta, halakoetara doazela ekimen horiekin bat datozenak, parte hartu nahi ez dutenei derrigorrez eragin beharrean. l