Nago herri honetan, arazoak onbideratzeko eta erronkei erantzuteko asmoz, liskarrerako baliatzen dugun denbora erabiliko bagenu, beste kuku batek joko ligukeela. Izan ere, estrategia hau elikatzen dutenak ez dira konturatzen egunen batean goreneko ardurak izatera iristen badira umotu duten giro eta ezinegon hori ere izango dutela alboan, horrek dakarrena aintzat hartuta. Aurrekoak ez du adierazi gura kritikarako tarterik ez dagoenik, kritika horien helburua eskuartean dauzkagun zerbitzuak hobetzeko norabidean jarri behar direla baino, oinak lurrean eta egin ezin direnetatik ihesi. Bada, honezkero, ohartuko ginen batzuk agintera iristen direnean, egunerokoa kudeatzeko dituzten zailtasunak, bai eta lan egiteko orduan erakusten dituzten gabeziak ere.

Aspaldikoa da, hedabide batzuen aldetik, politikan eragiteko eta herritarren artean iritzi jakinik nagusitzeko saiakera. Batzuek estatuan beste aliantza bat aldezten dutelako eta egungoa nolanahi abaildu nahi dutelako; ezkerrean kokatzen direnek, akordioetarako bestelako aukerak egon daitezen edota egungo aliantzen ordaina merkeagoa izatea bilatzen dutelako… Eta, hemengo batzuen aldetik, agintean dagoena paretik kentzeko beste xederik ez dutelako. Inguruabar horretan, atentzioa deitzen du abertzaletasunaren presentzia oso zabala den gizarte honetan, hemengo komunikabideek, publikoak barne direla, Espainiako gorabeherei ematen dieten lehentasuna, protagonismoa eta pisua. Nire ustez, ganoraz eta arduraz aztertu beharko genuke kontu hau!

Gaur, Eusko Legebiltzarrean egingo den Osoko Bilkuran bi eredu egongo dira aurrez aurre. Batetik, desberdinen arteko akordioak ardatz, epe labur, ertain eta luzera begira, arazoei zein erronkei aterabide zehatzak proposatzeko gauza direnak eta, bestetik, kea eta maximalismoa ardatz, arazoak agitazio eta propagandarako erabiltzen dutenak. Batean, gizartea ehuntzea bilatzen da, bestean, gizartea zartatzea, bizikidetza ozpintzea, herritarrak aurrez aurre jartzea. Horrexegatik da horren zaila abertzaletasun demokratikoaren eta ez- demokratikoaren arteko kolaborazioa, gizarte hau konprenitzeko eta gizarte honekin batera joateko orduan, kontrajarriak diren bi eredu ordezkatzen dituztelako.

Abertzaletasun demokratikoa izan da herri honen aurrerabiderako eta biziberritzerako ardatz nagusia. Bere eskutik egin ditu herri honek aurrerapenik handienak eta esanguratsuenak. Hala ere, izaera komunitarioa ahultzen, norberekeria nagusitzen joan den neurrian… bai eta, askotariko motiboengatik, zerbitzuen kudeaketan arrakalak azaldu ahala, makaldia bizi du. Alabaina, nabarmentzekoa da duen indarra ikaragarria dela eta aurrealdean irekitzen zaizkion aukerak ere azpimarragarriak direla. Nagusitasuna berriz eskuratzeko, gertutasuna, barne indarra, konpromisoa, ilusioa, determinazioa, herri erakunde nagusiak elkarrekin lan egiteko modua eta, arazoei aurpegia emanez, irtenbideak bilatzeko duen gaitasuna aktibatzea baino ez da behar.