GAUAZ gozatzera irteten diren gehien-gehienak ez dira kalera joaten labanak aldean dituztela, baina albisteei erreparatzea besterik ez dago arazoa puri-purian dagoela eta zabaltzen ari dela ohartzeko. Ulertezin suertatzen zait norbait etxetik halakoez armaturik ateratzen dela jakitea, bai eta erasotzaileen nahiz erasoak jasandakoen kopurua asteburuz asteburu igotzen ari dela ikustea ere... Bazterrotan segurtasunik eza ari da hedatzen. Ondorioz, neurriak hartzea garrantzitsua ez ezik, ezinbestekoa ere baden kontua da, gaiak eskuetatik ihes egin aurretik. Tiroketak direla eta, Ameriketako Estatu Batuak izaten dira hainbatetan hizpide. Izan ere, 1789an proposatutako eta 1791. urtean onetsitako Konstituzioaren II. emendakinak AEBetako herritarrei aitortzen die armak izateko eta soinean eramateko eskubidea. Gure artean, ulertezina da gertaera hori, are gutxiago dakigunean eskubide hori aitortzearen ondorioz, milaka eta milaka pertsona hil edo zauritzen direla urtero. Hemen ezin ditugu arma batzuk horren erraz eskuratu, baina tamaina eta izaera desberdina duten labanak erruz eta erraztasun osoz eskura ditzakegu, eta horixe egundoko arazo bihurtzen ari zaigu. Espazio publikoetan eta pribatuetan baliatzen diren labanen kontuari aurre egiteko, neurri desberdinak hartu behar dira. Espazio pribatuei doakienez, dantzaleku eta gisakoetan detektagailuak jartzea lagungarri suerta daiteke... Dena dela, guztion arteko lankidetza eskatzen du horrek, baldin eta espazio horiek seguruak izan daitezen nahi badugu, ez dagoelako modurik establezimendu guztietan ertzain bana jartzeko. Hori horrela, halako tresneria baliatzeak sorrarazten dituen deserosotasunak bainoago proposamenetan jarri beharko genuke indarra, ezinezkoa delako orain arteko moduan segitzea. Besterik da espazio publikoan labanak-eta kontrolatzeko orduan egin daitekeen ahalegina, herritarrak ezin bizi daitezkeelako susmopean eta pribatutasuna ere gorde behar delako. Nolanahi ere, zehapenen eta bestelako zigorren bidea hortxe dago, labanak eramatea zailtzeko, bai eta halakoek eragindakoak zorrotz jazartzeko ere. Azkenak lankidetza estua eskatzen du segurtasun indarren, epaileen, legelarien eta legeak egiten dituztenen aldetik, baldin eta eraginkorra eta eragingarria izango bada. Ezer gutxi aurreratuko dugu labanekin nonahi eta nolanahi dabiltzanak epaitegietan sartu-irtenean badabiltza... baina ez dezagun ahaztu badagoela beste alde bat, hainbatetan azpimarratzen ez duguna eta, aldi berean, garrantzitsua dena, familien esku-hartzea eta gurasoen saihestezinezko egitekoa. Azken horri dagokionez, baina, gehiegitxoetan ikusten ditut haien egitekoei bizkar emanda bizi diren gurasoak, ustezko libertatea aitzakiatzat hartu eta beren egitekoei izkin egiten diotenak.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
