Egunotan, Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ari dira Qatarren. Hori horrela, jasotako kritikei erantzun nahian, harridura sorrarazi zuten Gianni Infantino FIFAko presidenteak esanikoek. Bera ez omen da qatartarra, arabiarra, afrikarra, gaya, desgaitua edo migratu duen langilea, baina, ba omen daki baztertua eta jazarria izatea zer den... Eta lasai antzean geratu zen, munduko txapelketa ekialdearen eta mendebaldearen arteko zubi bilaka zitekeela adierazi zuenean, bai eta Qatarren giza eskubideek aurrera egin ahal izateko bizigarri bihur zitekeela ere.

Ez da lehenengo aldia azken hori entzun dudana. Izan ere, Espainiako Superkopa Saudi Arabian jokatu zelarik, antzeko argudioak entzun nizkion Espainiako Futbol Federazioko presidenteari. Zer izango dute herrialde horiek giza eskubideak urratzetik harago iristen dena, dirua ez bada! Kontzientziak lausotzen eta moldatzen dituen diru gosea ez bada!

Iraganean zein orainaldian, kirolaren eremua, eta futbola modu ezin adierazgarriagoan, sarritan erabili izan da erregimen totalitarioak eta diktadurarik ankerrenak homologatzeko eta (izan) duten irudia nolabait gozatzeko. Futbolaz ari garela, halaxe suertatu zen Mussolini italiar diktadorearen sasoian, 1934. urtean. Orduan ere futbola izan zen bidelagun. Bi urte geroago, naziek mendean hartutako Alemanian antolatu ziren joko olinpikoak, juduak masakratzen eta disidenteak akabatzen ari ziren bitartean. Videla argentinar diktadoreak futbola baliatu zuen 1978. urtean nazioartean beste irudi bat emateko, futbol partidak egiten ari ziren estadioen inguruko kuarteletan jendea torturatzen eta desagerrarazten ari ziren bitartean... Eta zenbat halako!

FIFAko presidentea diru bila abiatu da Qatarrera, ez dago bestela ulertzerik... Eta bidean geratu dira txapelketa jokatzen ari direneko zelaiak eraikitzen lagundu duten milaka migratzaile, inoiz ezagutuko ez ditugunak. Beste aldera begiratu da pairatu duten eta pairatzen ari diren miserien aurrean, are alderago emakumeek zein bestelako gizataldeek jasan eta jasaten ari direnak. Diruak malkarrak zelaitzen baititu mundu dohakabe honetan!

Nago FIFAko presidenteak naturaltasunez onetsi beharko lukeela bere elkorkeria, beste endredo batzuetan nahasi gabe, ez baitu horren beharrik... Eta kritika latzak egitera ausartzen direnek ere pentsatu beharko lukete horrelako konturik, halako hipokresiarik, giza eskubideen urratzerik… ez zela posible izango gainerako herrialdeen kolaboraziorik, sostengurik eta parte hartzerik gabe! Beraz, erantzukizuna ez da bakar-bakarrik Qatarren, lehendik ezagutzen diren baldintzetan eta txintik esan barik parte hartzeko prest daudenena ere bai! l