XILEKO hauteskundeetan Gabriel Boric-ek lortu duen garaipenak poztasun unibertsala ekarri du. Unibertsala esatea gehiegizkoa da, badakit: aurkaria, Jose Antonio Kast eskuin muturrekoa, eta aldekoak ez dira batere poztu, normala den bezala, eta laster hasiko dira Boric presidente hautatuaren asmoei boikota prestatzen, tradizio txiletar aspaldikoa, ez da profeta izan behar hori iragartzeko. Poztasun unibertsal horretatik kanpo daude, era berean, Boric ez omen dela behar bezain ezkerrekoa aldarrikatzen dutenak, poztasun unibertsal horrekin haserretu direnak, desilusioa eta etsipena iragartzen dituzten profetak, Boric-en adierazpenak banan banan aletu dituztenak desbideratze ideologikoak aurkitzeko, Pedro Sánchez Espainiako presidentearen zorion-mezuan probarik argiena topatu dutenak esateko Boric ere ez dela hainbesterako. Poztasun unibertsalak unibertsala izateari utzi dio berehala.

Nik ulertu ahal izango nuke azken horien jarrera iraultza-edo hortxe egongo balitz, eskura, baina, ondo pentsatuta, ez dut ulertzen. Bien artean, Boric ala Kast, aukeratu behar zuten txiletarrek, ez zegoen besterik, eskuin muturra ala ezkerra (ezker light bat, nahi baduzue), ez eskuina ala ezkerra, ez zentro-eskuina ala eskuin kontserbadorea. Ez. Eskuin muturra, argi eta garbi, ergelkeriarik gabe. Baliteke Frantziako hurrengo hauteskundeetan eskuin muturra eta eskuina gelditzea bigarren itzulirako. Badakit demokrazia ez dela, edo ez lukeela izan behar, lau edo bost urterik behin ordezkari batzuk aukeratzea, baina iristen da unea non zirt edo zart egin behar den. Ikusten ari garenez, gero eta leku gehiagotan iristen ari da eskuin muturra gobernatzeko aukerak izatera, gero eta leku gehiagotan muturrerantz doaz betiko eskuinak, gero eta leku gehiagotan zuritzen ari dira eskuin muturreko diskurtsoak. Eskuin muturraren aurkako harresiak dira eraikitzea merezi duten bakarrak.

Gabriel Boric zalantzan jartzen dutenak entzutean, Voltaire-en esaldi ospetsua (Shakespeare-k antzeko bat idatzi zuen), "Le mieux est l'ennemi du bien" datorkit burura: onena onaren etsaia da.