Durangoko Azoka azken txanpan sartzen ari dela, kultur zirrara handitu besterik ez da egiten: aurkezpenak estutzen, sinadurak ugaritzen eta bisitariak azken aurkikuntzak egiten ari dira. Azken pultsu horren erdian, Irudienea guneak topaketa berezienetako bat hartu du gaur goizean: ‘Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977 – 1980)’ liburuaren aurkezpena; hots, idazleak 1977 eta 1980 artean Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan idatzitako eta orain arte ia ahaztuta egon diren kritika zinematografikoak berreskuratzen dituen liburua.
Gaurkoan Sarrionandia bera igo da oholtzara bere gaztaroko kritiken nondik norakoak azaltzeko, lan horiek berreskuratu eta editatu dituen Josu Martinez zinemagilea bertaratu ezin izan den hitzorduan. “Liburu honen benetako egilea Josu Martinez da; pena bat da gaur hemen ez egotea”, adierazi du idazleak. Bere ekarpena bestelakoa izan dela gaineratu du: “Nik irudiak bilatzen lagundu diot, liburua ahalik eta txukunen gera zedin”. Halaber, Martinezentzat proiektuak balio berezia zuela azaldu du “zinemari buruzko euskarazko material zaharrik ia ez dagoelako”. Hala, hogei minutuko aurkezpen labur baina esanguratsuan, iurretarrak bere idazkien jatorria, garaiko egoera eta bildumaren balio kulturala marraztu ditu.
Eztanda "harrigarria"
Bildumako testuak Sarrionandiak 18 eta 20 urte artean idatzitakoak dira, diktaduraren eta zabalkunde kulturalaren arteko trantsizioan. "Franco hil ondorengo hiru urteetan, atxikita zeuden film guztiak iristen hasi ziren bat-batean", gogorarazi du. “Zinetokietan eztanda bat izan zen; harrigarria, benetan”, gaineratu du.
Zentsuraren amaierak idazlearen eskura jarri zuen urteetan helezina izan zen errepertorioa: Buñuelen lotsagabekeria, Kubricken zehaztasuna, Chaplinen samurtasun garratza, Pasoliniren poesia errebeldea, Bergmanen larritasuna, Fassbinderren gordintasuna edo Woody Allenen ironia, kasu. Izan ere, aipatutako zuzendari guztiak ageri dira Sarrionandiaren kritika eta komentarioetan. Ildo beretik, egile eta estilo guztien artean, benetan harritu zuten bi korronte nabarmendu ditu idazleak: zinema politikoa, askotan komunista, eta zinema erotikoa, denbora luzez ezkutuan gorde zirenak.
Sarrionandiak 50 urte pasata lan horiekin topatzea “grazia handirik egiten ez diola" aitortu duen arren, liburuaren balioak ezinegon hori gainditzen duela uste du, pieza horiek Euskal Herriak zinemaren munduari begiratzeko eta horri buruz pentsatzeko askatasuna berreskuratu zuen unea barrutik erretratatzen dutelako.
Hala ere, zinema kritikaren munduan berriro murgiltzeko aukeraren aurrean, Sarrionandiak argi utzi du ez dela bere planen barruan sartzen. "Zinema oso konplexua da; kameraz, argiaz, gidoiaz, soinuaz... jakin behar duzu, ez da liburu bat aztertzea bezala", adierazi du. Izan ere, arlo tekniko horrek literaturatik gertuago mantentzen du.
Euskal zinemaren sustatzailea
Bertan egon ezin izan bada ere, azpimarratzekoa da Josu Martinezen funtsezko ekarpena. Zinemagile, ikertzaile, idazle eta doktore gisa egin duen ibilbideak kohesioa eman dio proiektuari, euskal zinemaren gaineko materiala berreskuratzea eta testuinguruan jartzea ardatz hartuta. Bere lanari esker, Sarrionandiak gaztetan idatzi zituen testu haiek ahanzturan egoteari utzi diote, eta euskarazko zinemaren hastapenak eta zentsuraren amaieraren osteko sormen hedapena hobeto ulertzeko aukera ematen duen lan batean txertatzera pasa dira.