Zirrikituetatik begira

Doraemon eta Nobita

25.11.2021 | 00:29
Doraemon eta Nobita

Doraemon eta Nobita dira faxismoaren arerio berriak. Katu kosmikoak naturaz gaindiko bere ahalmenak erabiliko ditu ume ejertzito bat osatzeko eta Espainiaren unitatea desegiteko. Nafarroako telebistan ikusi ahalko dira orain marrazki bizidun horiek eta guztiok dakigu zelako kaltea sortaraziko duten marrazkiok bertako gizartean. Bospasei urteko umeek EiTB3 ikusten dute, eta honezkero Espainiako hainbat bandera erre dituzte, eta botilak, gasolina eta trapuak biltzen aritzen dira une oroz. Nobitak koktelak ondo egiteko tutorialak luzatuko dizkie seguruenik.

Ez dakit eskumuturreko alderdikideek zein pozoi klase duten zainetan, baina argi dago garraztu egiten dietela bizitza, eta are gehiago, Pedro Sanchezen gobernuak eta EH Bilduk adosturiko negoziazioetan hitzartutakoaren ostean: datorren urtean ETB3 Nafarroa osoan ematea. Berehala altxatu dira ezjakinen ahotsak esanez bertako umeak doktrinatzeko erabiliko dela telebista kate hori. UPNko diputatu batek hala adierazi du, gaztetxoen burmuinak reseteatuko dituztela modu horretan, eta bide batez nazionalismoaren korrontea hedatu.

Eskumuturreko sasi-politikari horiek ez dakite Burgos, Kantabria eta Errioxako hainbat aldetan EITB ikus daitekeela, eta jabetzen direnean "euskal kolonizazio" berriaz mintzatuko dira, eta pozoia mingostuko zaie berriz. Eta zein kuriosoa den kontua, Lingua Navarrorum sortu zen tokian marrazki bizidunak euskaraz ikustea bekatua da orain.

Madrilen dauden arazo larrien errudun berak, Ayusok, bere marroiak estaltzeko eta bertan sortu duen deskalabruaz hitz egin ez dadin, gai hori ere ahotan hartu du eta euskara inposatu nahi dela esan du, gai hori asko kezkatzen duela gehituz. Emakume patetiko horrek Espainiako presidente izan nahi du (edo buruzagi berria?) eta handinahikeriatan dago murgildurik, kontrolik gabeko eromenean. Argi dago bere estrategia: nire komunitatean gertatzen dena jabetzen ez naizenez kanpokoaz arituko naiz eta horrela, jendea dudan inteligentziaz ohartuko da. Doraemoni eskatu beharko dio botereren bat, bestela....

noticias de deia