Maskara erabiltzen dugunetik denok gaude ezkutatuago, baita gure arimak ere. Zenbat keinu ari garen galtzen, zenbat irribarre, zenbat ezpainetako kolore, zenbat masaileko elutxa, zenbat orezta, zenbat sudur punta. Aurpegia arimaren ispilu baldin bada, gu pertsonen arima erdia ikusten ari gara azkenaldian eta honek tristetu egiten gaitu. Nola ez dugu ba tristezia sentituko ezin dugunean gure aurpegiarekin barruan dugun guztia adierazi? Nola ez dugu tristezia sentituko aurpegia estalita doazen lagunak kalean ezagutzen ez baditugu eta ezagutzen ez dugun jendearen aurpegia imajinatu behar badugu?

Nire lagunak egun txar bat dauka. Zenbait arazo ditu etxean. Baina ziur nago mundua maskarek estalita egoteak ere eragina izan duela haren aldartean. Haren begirada ikusi besterik ez dago, hau ahalik eta lasterren pasatzeko desiratzen dagoela jakiteko. Besarkada bat eman nahi nion, baina urrunetik bidalitako muxu bat eskaini ahal izan diot bakarrik. Eta horrek eragin didan tristezia nire maskararen azpian ezkutatuta egin dut buelta etxera. Nabarituko al du norbaitek nire begietan arima zaurituta dudala?.