Mezua traolarekin zetorren, modernitatearen ikurra, eta gaztelaniaz: "#salimos" (horiz), eta hurrengo lerroan "más fuertes" (beltzez), letra larriak. Hasierako ezinegona bueltatu zitzaidan ostera ere. Beti izan dut arazo txiki bat "gu" izenordainarekin, askotan iruditu baitzait "ni" ez dagoela erabili ohi diren "gu" horietan guztietan, urteetako eskarmentua dut. (Azken aldian, gainera, konturatzen ari naiz zutabegile asko "gu" horren atzean ezkutatzen direla). Hizkuntzena ikertu nuen (norberak bere bizioak ditu), baina ez dut inon euskaraz ikusi (norbaitek informazioa badu, eskertuko nuke). Baina nori axola zaio euskararena? Katalanez, bai, katalanez agertu da Osasun Ministerioaren mezua, egunkari batzuetan gaizki eta guzti (badirudi euskarak ergatiboarekin duen buruko mina, katalanak izenordain ahul deitzen dutenekin duela).

Irteten ari gara? Pandemiatik? Ea egia den. Ba-tzuk ez dira irteten ari, hor geratu ziren ospitale batean, edo zaharetxe batean, edo auskalo non. Indartsuago? Minduta, zaurituta atera dira asko. Osasun publikoan diru gehiago, baliabide gehiago sartuko dela entzun arte, ez dut ezer sinetsiko.

Hiru egunkarik ez zuten propaganda atera, nik dakidalarik: Gara, Nós eta El Punt Avui. Ministerioak ahaztu zituen? Uko egin zioten egunkari horiek dirutzari? Euskal Herriko bat, Galiziako bat, Kataluniako bat. Antzinako txistea dirudi.