Covid-19 birus gaiztoaren krisiak, krisi guztiek bezala menturaz, ahulenei erasan die gehien, adinez aurrera joandakoen artean askoz hilkortasun-tasa handiagoa erakusten du. Ekonomikoki lehendik ere larri zebiltzan hainbat enpresari, merkatari eta autonomori, hainbat alorretako herritarrei, errematea emango die: nekazariak, kultur-eragileak, sortzaileak... Eta bada, badenez, etxean konfinatuta egoterik ez duenik ere. Etxean egoteko etxea behar baitu...

Azken asteotan etengabea da ezinbesteko diren eta ez diren jarduera ekonomikoen arteko bereizketa. Neurgailu bera hizkuntzei ezarrita, gurean gaztelania eta frantsesa dira ezinbesteko. Euskara, aldiz, bazter utz daitezkeenen artean sailkatuta ageri da. Hizkuntzen arteko oreka ongi samar zaintzen duen saltoki handi batean erdaraz bakarrik idatzitako oharrak ikusi ditut asteon, denak sailean. Neuk lan egiten dudan euskal erakunde publikoko jantzitegi eta makillaje geletan ere bai: "señoras y señores presentadores...", erdara hutsean. Beldur naiz ez ote den beste horrenbeste gertatzen auzi identitarioarekin, ez ote diguten behin eta berriz mezu bera helarazten: hau larrialdia da, eta denok bat eginda behar dugu. Bat, handia eta librea, alegia.

Gaur Aberri Eguna, euskotarron aberriarena. Gora!