AMERIKARRAK badoaz Rojava izenarekin ezagu-tzen den Siriako Kurdistango eremutik. Amerikarrak badoaz Ankara aukeratu ondoren, eta Ankara Amerikarrak alde egin ondoren, Rojava okupatzen hasi da siriarrentzat bake korridore bat ezarri nahi duelako aitzakiarekin. Dagoeneko bildu da Errusiako agintariekin oniritzia lortzeko eta Amerikarrena lortzen ez badu ere, berdin izango da, ezertan ez baita geldituko Nazio Batuek Turkiari egingo dioten balizko ohartarazpena.

Erdoganek ez ditu Siriako errefuxiatuak Turkian nahi, eta Kurdistango eremura bidali nahi ditu. Horrela bi buru estaliko ditu txapel berarekin, bata Europak ongi pagatu dion errefuxiatuen arazoa (gogoratu, errefuxiatu horiek guztiek Europa dute helburu eta Europaren jarreraren arabera, bertara bidaliko dituela mehatxu egin du) konponduko luke horrela populazioaren xenofobia gutxiagotuz; eta biga, Rojavako kurduen autogobernua ezinezko bihurtuko luke kurduen borrokari indar sinbolikoa gutxituz.

Rojavako milizianoak (PKK eta YPG-ekoak) Kalifatoaren kontrako borrokan amerikarrekin bat aritu dira. Beren burua defendatu beharra zuten, baina, esan beharra dago, Daeshen kontrako mendebaldeko gudan haiek izan dira erasoburu, eta zauritu eta hildako asko izan dituzte . Eta orain mendebaldeak, berriz ere, kale egingo die kurduei. Horrela Rojavako esperimentu soziala, lehen Afrinekoa bezala, eraitsi egingo dute. Lehergailuak hasi dira airez, eta jendea, batzar bidezko gizarte antolaketa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, elkartasuna, kultura ezberdinetako integrazioan oinarrituriko gizartea sortu duen jende hori ihesean hasi da. Norantz? Auskalo. Geldituko dena zera da: eremu arabiartu bat Turkiaren kontrolpean non kurduek ez baitute tokirik izango.

Jan Claude Juncker Europako Komisioko buruak Turkiari aten-tzioa eman dio neurritsua izan eta erasoa gelditzeko eskatzeko. Desertuko predikua. Eraso honekin Erdoganek kontrolpean izango du Siriako iparralde osoa. Erdoganek zera txiokatu du erasoa hasi eta berehala: “Hasi da Bakearen Latsa Operazioa PKK/YPG-ko eta Daesh-ko terroristen kontrakoa”. Zein izen polita terrorismoa borrokatzeko!