ZERGAK zertarako ordaintzen ditugun galdetuz gero, besteak beste, zerbitzu duinak izateko dela erantzuten dugu ahoa ezin gehiago zabalduz. Baina badira zerbitzu batzuk guztionak direla barneratuta ditugunak eta beste batzuk, ostera, “besteentzako” direla uste ditugunak. Zerbitzu horiek behar izatetik libro bageunde lez, zerbitzu horiek gu bezalakoentzako diseinatuta ez baleude legetxe. Asteburu honetan, berari zer komeni zaion ondotxo jakin arren, besteek esango dutenaz arduratuta zegoen agure batekin hizketan egitea egokitu zait. Menpekoa da agurea. Laguntza behar du bere eguneroko zereginak egiteko: bere burua garbitzeko, jateko, kalera irteteko? Eta eguneko zentrora joatea proposatu diote menpekotasun maila neurtu dioten adituek. Bera ados. Bere burua aktibo mantentzeko aukera dela iruditu zaio. Dakitenen esku egongo dela. Etxekoei ere arnasa emateko bidea. Baina, batez ere, adituen proposamenetik gehien gustatu zaiona berak ere zeregina izatearen ideia izan da, etxetik irteteko estakurua edukiko duela, zer kontatua etxera bueltatuko denean? baina bere etorkizuna irudikatzen hasi denean, ingurumaria etorri zaio burura eta kolkoa dardaratu. Herrian esango dutenaren beldur da. Herritar askok ez du ondo ikusten etxeko menpekoak etxetik kanpora zaintzera eramatea. Herri honek asko sufritu du eta sufrimendu hori jasaten eta garaitzen jakin du. Horrek harrotu egiten gaitu. Zorionez, beste garai batzuk bizi ditugu; sufrimenduaz harro egotekoak baino areago, sufrimendua ekiditen ikasi dugun garaia. Eta ez koldarrak garelako, alderantziz, argiak izaten jakin dugula baizik. Beraz, oraindik sufritzeari hainbesteko indarra ematen dioten pertsona eta herriei, askatasunaren aldeko apustu argiagoa egitea eskatuko nieke. Bai herri askatasuna, bai norbanakoarena. Lagun hurkoa edo bizikidea ez hainbeste kontrolatzeko, ez hainbeste kritikatzeko, sufrimendua (edo bizitzaren nekea) modu inteligentean garaitzea erabaki duelako. Kasu honetan, bere buruaren onerako den eta guztion artean guztiontzako ordaintzen ditugun zerbitzuen erabilera egiteagatik.