AMAZONIA erretzen den bitartean G7a Miarritzen elkartuko da eta Open Armseko migratzaileak Lampedusako osasun etxeren batean izango dituzte behaketan eta Trumpek txio bat idatziko du ateraldi barregarri batekin eta CO2 tona pare bat gehiagoz kutsatuko dugu airea. Oso egitate desberdinak eta urrunak ematen dute aipatutako gertakari horiek, baina haien arteko loturari dagokionez erreparatuez gero bi ondorioetara ailegatzen naiz ni, bata, hau dena pikutara doa, biga, kapitalismoaren eite gosea dute komunean. Bai kapitalismoa eta haren heda-tzeko izaera infinitoa lur finito batean. Pikutara goaz, ez diot neuk baizik eta 20 urte abisatzen daramaten adituek. Kapitalismoak ez du on komuna jartzen lehengo, baizik eta norbanakoaren eskubidea eta beharbada emanen luke ororen? gainetik dagoen banakoaren eskubidea zilegi litzatekeela 1000 biztanleko herri bat antolatzeko, ez, ordea, 7400 milioitako populazioa gobernatzeko. Daukagun klima matxurari aurre egiteko neurriei buruzko artikulu batean, ohikoez gain, autorik ez erabiltzea, haragi gutxiago jatea, bidaia transatlantikoak ekiditea, seme-alaba kopurua gutxitzea jotzen dute eraginkorrentzat. Eta ongi erreparaturik, eraginkorrena horixe izan behar du, kapitalismoari bazkarik ez ematea ahitzen joan dadin. Gehiegizko seme-alaba bakoitzeko 55 tona urteko CO2 isur-tzen dira atmosferara, beraz, populazioaren gorakada eta tenperaturen gorakadaren arteko lotura lineala da eta frogaturik dago.

Boutade bat eginez, Antropozenoa, Lurrak klima aldaketa gehien izan zuen aroa, ekiditeko pixkanaka ahi-tzen joatea litzateke giza arrazak Lurrari egin diezaiokeen mesederik handiena, horrela kapitalismoak ez luke nola hedaturik, eta, beharbada beste espezie batek populatuko luke lurra. Adio beraz hizkuntzei, euskara barne, literaturari, zinemari, zientziari eta gizakiaren lorpen ikaragarriei. Hori edo teknologiak CO2rik isuriko ez duen gizakiak sortzea, baina horretarako karbonoaren kimika guztia eraldatu beharko litzateke, eta postgizaki bihurtu beharko ginateke.

Baina oraingoz ez da ezer aldatuko, geure zereginetan jarraituko dugu, Open Arms, Trumpen txioak, Amazoniako suteak, G7aren goibilerak, CO2 tonak... lasai hondamendirantz.