GOMUTA dut txikitan Eurovisoneko kantariak entzuteko familia osoa biltzen ginela. Entretenimenduzko egun berezia izaten zen hura. Zenbat puntu ematen zuten, nork irabazi, nork galdu, zein kanta polita herri horretakoa, zein espektakulu itzela,?eta abar. Urteak joan eta urtea etorri, ikuskizunak sasoi hartako xarma galdu du erabat. Aspaldidanik Europako sasi-batasunaren ispilu izan nahi duen Eurovision horrek ez nau mugi-tzen. Ez dut ikusten, eta ez zait batere interesgarria iruditzen; eta are gutxiago, joan den urtean Israel herriko kantariak irabazi zuenetik. Netta izeneko abeslariak feminismo mozorrotuaren aldeko kanta batekin, herrialde zapaltzaile horren modernitate eta eskuzabaltasuna adierazi nahi izan zituen. Saria jasotzean, pertsonen arteko diferentziak onartzeagatik eskerrak eman, eta aurten, Jerusalemen guztiak berriz bilduko zirela esan zuen. Jerusalem Palestinarren gatazkaren epizentroa da, mundua bitan banatzen den tokia, eta hori onartezina da. Lotsagarriak izan ziren hitz horiek. Bere herriak dibertsitate sexuala onar-tzen du munduaren aurrean estatu zabala eta tolerante gisa aurkezteko, Palestina herriarekin sekulako izugarrikeriak egiten dituen bitartean.

Konfeti eta arrosa kolore-gama guztiekin, Eurovision elementu propagandistiko bilakatu nahi izan du giza-eskubideen urraketa basatiak egiten dituen Israelek. Berak okupatu zituen Zisjordania, Jerusalem ekialdea, Gaza eta Golan. Tel Aviven dituzte enbaxadak estatu gehienek, ez baitute onartzen Jerusalem hiriburua denik.

Munduko toki askotan logikoa den boikotaren aldeko aldarriak entzuten dira gaur egun; Espainiako kantariak ere bere parte-hartzearen kontrako ahotsak entzun behar izan ditu. Eurovision ekimenak Israelek egiten dituen krudelkeriak estaltzeko baino ez du balio, eta Palestina herriari eginiko usurpazioak eta bere asfixia eta sufrikarioa ikusezin bihurtu nahi dituzte. Ezin da musikaren magia ospatu, hainbat kilometrotara Israeleko ejertzitoa inolako eskrupulurik gabe eta modu kriminalean tiroka ari bada ankerkeria guztiarekin.