ZURRITEAK egunerokotasuna baldintzatzen segitzen duen honetan, zalaparta sortu du Europako futbol talde handiek euren arteko liga sortzeko egitasmoak. Futbola salbatzea omen zen asmoa, bai eta izurritearen eraginez galdutako diru-sarrerak emenda-tzea ere... Eta iragarri eta gutxira hozkailuan sartu dute kontua, testuinguru egokiago baten esperoan. Edozein gisaz, aitortu behar dut harrigarri suertatu zaidala zaletu eta futbol talde batzuen erreakzioa. Izan ere, hamarkada batzuk igaro baitira non baliabidez urriagoak ziren taldeak handi izatera iritsi diren, beraien inguruan ehundu diren askotariko interesei esker.

Sasoi batean ezin aurreikusizkoak ziren futbolaren inguruan egun mugitzen diren diru-tzak eta interesak. Horrela, an-tzeman dezakegu jokalari trebeenak talde batetik bestera nola igarotzen diren, bai eta baliabidez urriagoak diren eta, kon-bikzioz edo halabeharrez, harrobia lantzen duten taldeak, erdietsitako giza kapitalik gabe nola lagatzen diren ere, diru eta ospe handiagoa duten talde handi(ago)en mesedetan. Era berean, ikusi dugu mailari eta, beraz, baliabide ekonomikoei edonola eusteko, futbolaren eremuan ustelkeria nola iltzatu den eta abar. Europako futbol talde handien asmoa orain arteko bidean sakontzea da, are giza kapital eta baliabide gehiago batuz beraien inguruabarrean, gainerako txapelketak eta taldeak, haien handinahikeriazko gaztelua zutik iraunarazteko erabiliz.

Txapelketak ez dira antzeko aukerak dituztenen artekoak, gutxi batzuen eta gainerako guztien artekoak baizik. Batzuk dopatuta ari dira, gainerakoak ezinean ari diren bitartean. Horretxegatik, miraria da, noizbehinka jazotzen den kontua baita, futbol talde apal batek txapelketa bat irabaztea. Asmoa, beraz, ez da futbola salbatzea, gutxi batzuen negozioa eta eredu baten, harearen, gainean eraiki den eredu bati eustea baizik, talde ertainei eta txikiei kolpe berri bat emanez.

Kirola bigarren plano batean laga da eta bestelako interesak lehenetsi dira. Horrela bakarrik uler daiteke Eurokoparekin jazo dena. Izan ere, ezin esplika daiteke, gauden egoeran, milaka pertsona futbol-zelai batean sartu nahi izatea, herritarren mugikortasuna baldintzatuta eta askotariko jarduerak etenda edo zailtasun handiekin gauzatzen ari garen bitartean. Halaber, nekez arrazoitu daiteke herritarren osasuna lehenesteko eta segurtatzeko asmoz, indarrean dauden neurriak, beste eremu batean kontuan ez hartzea... Berriro ere negozioa da lehenetsi dena baliabide publikoekin ondo gizendutako egitura pribatuen partetik, izurrite honetan behin eta berriz publikoa futbol zelaietara joan dadin beste ekarpenik egin ez duten batzuen aldetik.