Inguruabar horretan, harridura sorrarazten dute Madrilen emakumeen mobilizazioak debekatzeko hartutako erabakiek. Izan ere, Estatuko erkidegoen artean izurritearen in-tzidentzia metaturik altuena daukan erkidegoa Madril da eta, aldi berean, lurralde honek dauzka neurri lausoenak herritarren mugikortasunaren ikuspegitik. Halaber, erkidego hau da lurraldeen arteko joan-etorriak ahalbidetzearen alde gehien tematu dena. Hortaz, nekez uler daitezke emakumeek deitutako mobilizazioen harira ba-tzuek egin dituzten adierazpenak, erakutsitako herra eta jarrera, beste eremu batzuetan egiten ari direnekin bat ez datorrena. Nolanahi ere, debekuak gorabehera, errealitatea ezin ezkuta daiteke. Ondorioz, emakumeen eskakizunek hor segitzen dute eta halaxe jarraituko dute dauden desorekak bideratzen ez diren bitartean.

Familia barruko zereginenak bideratzeko orduan dauden desorekak; baldintza eskasetan gauzatzen diren lanak; ume, nagusien eta zaurgarrienen zaintzaren kontua; an-tzeko lanak eginda soldatetan dauden desberdintasunak; indarkeria matxistaren lakra; kale bazterretan lasaitasunez ibiltzea eragozten duen giroa; askotariko arduretan, postuetan eta lanbidetan emakumeak azal daitezen jartzen diren oztopoak, agerikoak edota aurreiritzietan oinarritzen direnak eta abar eta abar. Nabarmena denez, bide luzea egin da baina are luzeagoa da eginkizun dagoena. Horretxegatik, garrantzitsua da emakumeen egoera azaleratzera, gizarte honek berdintasunaren norabidean eboluziona dezan bultzatzea dakarrelako, gizarte bezala dauzkagun erronkak are ageriago uztea suposatzen duelako.

Horrela, saiatu beharko dugu saiatzen garena baino gehiago emakumeek toki zabalgoa har dezaten batez ere orain arte gizonen altzoan egon diren jardun eremuetan, saiatu beharko gara askotariko ardurak har ditzaten bidea eta tokia uzten politikan, sindikalgintzan, ikerkuntzan, herri-erakundeetan, askotariko elkarteetan eta abar. Aldi berean, gizonezkook erosotasunagatik, arduragabekeriagatik eta nagikeriagatik bazter batean laga ditugun zereginak ere geure egin behar ditugu etxean, familian, zain-tzan, gizartean oro har, berdintasuna ez baita inoiz helburua izan behar, gizarte osasuntsu, berritzaile eta berdintzaile baten zimentarria baizik.