Mendizorrotzan ikusi genduan partiduak ez dauz bete zaleok geunkazan aurreikuspenak. Gehiago itxaroten genduan Marcelinoren taldearen aldetik. Dezepzino txiki bat izan zan, batez be zuri-gorriek Sadarren egindako partidu bikainaren ostean. Ligako azken partidu bietan sei gol sartu ondoren, lehortea itzuli da taldera. Entrenatzailearen arabera, Athletic hamabi bider heldu zan Alavesen area ingurura arriskua sor-tzeko aukerakaz baina ez eben asmatu azken metroetan. Egia esateko, nik gol aukera garbi bi bakarrik ikusi nebazan, biak bigarren zatian. Lehen zatian zuri-gorriek jaurti be ez eben egin Pachecoren atera.

Botila erdi beterik ikusi gura dogunok nabarmendu geinke taldea oso serio aritu zala Mendizorrotzan eta etxeko taldeak ia ez ebala arriskurik sortu Unai Simonen atean. Athletic ondo lehiatzen da, bai, baina hori ez da nahikoa sailkapeneko goialdean lehiatzeko. Egia da, merezimenduak kontuan izanda, Marcelinoren taldeak hogeta zortzi puntu baino gehiago eukitea merezidu dauela. Baina horregaz ez goaz inora.

Liga txapelketea alde batera itxiko dabe zuri-gorriek hurrengo hamar egunetan Superkopeari eta kopeari ekiteko. Atletico de Madriden aurka jokatuko dabe etzi Riaden eta baikor egoteko arrazoiak doguzala esango neuke. Simeoneren taldea -egungo liga txapelduna- ez dabil oso indartsu eta domeka honetan be asko sufridu eban Vila-realen zelaian puntu bat eskuratzeko. Beste alde batetik, Athleticek erakutsi dau maila bikaina emoten dauela aurkari indartsuen kontra. Metropolitanon denboraldi honetan jokatutako lehian bilbotarrek esku-eskura euki eben garaipena. Ganera, ez dogu ahaztu behar aurreko denboraldiko aurrekaria. Orain dala urte bete inguru inork ez eban emoten txakur txiki bat be Marcelinoren taldearen alde Sevillan jokatutako superkopan eta zuri-gorriek Real Madrid menderatu eben finalaurrekoan eta Bartzelona finalean. Koltxoneroak menderatzeko, baina, Athletic onena ikusi behar dogu zelaian. Talde sendoa, ausarta eta zorrotza. Vencedor barik jokatuko dabe eta jokalari garrantzitsua izan arren, Oier Zarragak aukera bikaina dauka barruan daukan futbola erakusteko.