Artistak eta bitxiak
ARRAROAK, bitxiak ginela baina batzuk hainbat harago doazela pentsatu eta esan nuen Madre pelikula ikustetik atera ginenean, han egon ginen edozeini sekula burutik igaro zaion baino hainbat urrunago doazelako, onerako eta txarrerako, film horretan ikusten direnak. Nire oroimenean jende bitxirik ba da eta hiru bat ekarri nahi ditut gogora. Kasualitatez izango zan, horman esekita dudan egutegi/tako baten, nire gazte eta gaztetxo garaian irakurri nituen ia lehenbiziko liburuen egileek azaltzen ziren. Hirurak urte berean, 1963.ean, argitaratu zutelako liburu bana eta nire ideologia osatzean kristoren eragina izan zutelako hirurak. Federiko Krutwig-ek Vasconia, Gabriel Arestik Harri eta Herri eta Jorge Oteizak Quosque tandem!, euskal arimaren interpretazio saioa.
Zuenik ez dakit baina oso gazterik guru bat baino gehiago izan nuen inguruan eta oraingoan ez dizuet izenik emango. Batek, mila eskutan ibilitako, Fco. Navarro Villosladaren Amaia o los vascos en el siglo VIII, garai haretako salduenetariko bat, eskuratu zidan, handik euskaldun kutsua edo herri mina barneratu nazan. Jakin min hori osatzeko erosiko nuen -edo oparitu zidaten- Krutwig-en Vasconia, euskaldun izatetik harago abertzalea izan behar nuela tinkotzeko, ziur asko. Oteizarena, eta arimaren interpretazioa ezagutzeko nahiaz, editatzearen berri izan orduko eskuratu nuen. Ez dakit ezer ulertu nion, harik eta 1967.ean Arantzazuko ostatu baten terrazan ezagutu nuen arte eta lotsati galdetu nion apostuloak zizelatu behar bazituen, ea zergaitik 12 barik 17 harritzar zeunden bide ertzean. Erantzuna haren karakterra nigan zizelatzekoa, izan zen. “¿Quien le ha dicho a usted que sean apóstoles?”. Gazte mukizu bati emateko erantzun ederra, eta “usted” horrekin sendoago. Gabriel Arestiri diodan lillura behin baino sarriago aipatu izan dut eta, beste bi munstro horiekin batera, 1963.eko belaunaldian txertatzea gogoko dut. Hirurak artista handiaz gain, zinez, bitxiak izan zirelako.