Egokituz
GURE ilobak hiruzpalau urte izango zituen, ez gehiago, ikastolara Halloween-ez mozorrotuta joan nahi zuela esan zuenean. Bere etxera Disney Channel iritsi berria zen artean, eta liluratuta zegoen. Sinistuta zegoen, gainera, normala izango zela piura horrekin ateratzera, eta sano uste zuen festa egingo zutela gelan, eta gauean auzoa korrituko zutela guztiek goxoki-eske, kalez kale. Bere gurasoek onartu egin zioten eskaria, haren gogoa eta ilusioa ez zapuzteko nire ustez, nahiz eta koherente itxura ematearren, haurrari ikasteko balio izango ziola behin eta berriro esaten zuten. Gure iloba izan zen urte hartan ikastolara mozorrotuta joan zen bakarra. Jokaldi bikaina izan zela uste izan genuen: haurra pozik, bere gogoa egin zuelako, eta gurasoak pozik, alabak ulertuko zuelakoan telebistaz ikusitakoak maiz zerikusi gutxi izaten duela errealitatearekin. Alta, gutxi iraun zuen ikasbideak, hurrengo urtean ume mordox-ka azaldu baitzen gelara mamu, deabru, sorgin edo auskalo zertaz jantzita, eta handik aurrerakoetan erabat nagusitu baitzen bertan (eta orobat, gure artean) sekula ulertuko ez dudan ohitura, edo dena delakoa.
Ilobak zer ikasi zuen ez dakit, baina niretzat lezio handia izan zen. Orduan jabetu bainintzen alferrik dela kon-tsumo-kulturaren uholdea esku hutsez gelditu nahi izatea, zerbait gehiago behar izango dela. Eta horri esker ulertzen hasi nintzen zerk sor-tzen zidan ezinegon edo deserosotasuna errepide, estolda edo eskolarik ez duten Afrikako zoko galdu askotan telebista-seinalea jasotzeko antena parabolikoak ikusten nituenean. Orduan jabetu nintzen zer den teorikoek egokitzapen kulturala deitzen duten hori. Zeozer ikasi nuen hiruzpalau ume batek gutako edonork baino azkarrago ikusten dituen aldaketen inguruan: galaraztea bezain alferrik dela irentsi gaitzaten uztea.
Adiskide batzuen herrian Halloween ospatzen dute haurrek, baina gaztaina erreak eskatzen dituzte etxez etxe, eta San Simon eta San Judas kanta-tzen dute Domu Santu egunaren bezperan.
Borroka desorekatua da, baina ez horregatik jokatu aurretik galdua.