30 urte pasatu dira Gironako hondartza batean neba gaztea erdi itota atera zigutenetik. Itsasertzeko hondarrezko zulo batean erori zen antza, eta igerian ez jakitean, zuloan bertan geratu zen ezin irtenik, ura edan eta edan, birikiak haizez gabetzen, inguruan gertatu zen gizonezko batek atera ahal izan zuen arte.
Hondartza gaineko hotelekoek berehala anbulantziari deitu eta eraman zituzten, aita, ama eta neba, ospitalera. Bizpahiru egun egin zituen nebak bertan, zaintzapean, eta bueltatu zirenean amak esaldi bat biribildu zuen ezpain artean: “eurenak dira baina semea salbatu digute”.
Dirudienez, ospitaleko urgentzietara heldu zirenean, neba berehala hartu eta frogak egitera eraman zuten baina gurasoak, orduak eta orduak egon ziren ezer jakin gabe, batean eta bestean medikuagatik eta txostenengatik galdetuz, erantzunik gabe. Azkenean, ama uluka negarrez hasi eta bere semeagatik galdezka euskaraz hasi zenean, erizain batek, korrika batean, medikua ekarri omen zien, barkamena eskatuz. Gurasoei, euskaraz egin izatearren artatu zituztela iruditu zitzaien eta, gaur egun ere, oraindik, halaxe kontatzen dute gertakizuna. Katalanak, puntu horretaraino direla eurenak. Eurenari eustekoak. Eurenarekin, azken muturreraino aurrera egitekoak.
Galeusca bat baino gehiagotan partekatu ahal izan dut gertakizun haren gomuta, bai galiziarrekin, bai katalanekin, azken hauekin batez ere. Antzekotasunak konpartitu izan ditugu.
Muturrak arriskutsuak dira, ordea. Norberearekin irteteko egindako promesak konplitzeraino sokari tenk egiteak bere ondorioak dakartza. Noizbait inbidia sentitu izan badut ere eurena defendatzeko duten kuraiaz, momentu honetan, Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko ustezko anaitasunek gaur egungoa ez den eskenatoki batera naramate, idilikoak liratekeen ametsetara besterik ez.