Desafioa
KUTSADURA hainbat gaixotasun infekzioso baino hilgarriagoa da mundu osoan. Adibidez, malariak hiltzen dituen pertsona kopurua txiki geldi-tzen da kutsaduraren munstroak akabatzen dituen portzentajerekin erkatuz gero. Edaten dugun ur edota arnasten dugun airearen kontaminazioagatik ia hamar milioi pertsona hiltzen dira urtero gure globo gero eta beltzago honetan. Kutsadura horrek kardiopatiak, encefalopatiak, mota askotako minbiziak eta birikietako gaixotasun kronikoak ere sor-tzen ditu.
Edaten dugun ur ia garbi horretan plastikoaren zantzuak topatzen dira erraz, bai eta osagai kimiko pozoigarri dezente ere. Bizirik mantentzeko dugun elikadura motak ez gaitu oso bizirik mantentzen, eta gero eta arazo larriagoak ditugu manufakturiko jangaiekin.
Baina hirian, etxeko atea zabaldu bezain laster barneratzen dugun airea da heriozkoena. Urtero sei milioi pertsona hiltzen da arnasa hartzeagatik. Urbe zinez kutsatu haietako airea berunezko hodei batean bildurik, umeak eta zaharrak ikusten ditugu askotan ospitaleetan, kinka larrian.
Eta hori ez da terribleena. Ikusten ez den kutsadura, pausuz pausu, bere inperioa osatzen ari da itsasoetan edota gertu ez ditugun ekosistemetan. Kutsadura mehatxu ikaragarria eta nongurakoa da, baina estatu ba-tzuek begiak ixten dituzte eta ez dute egia ikusi nahi.
Kutsadura bai dela desafio handi bat, eta ez Kataluniako independentziari egotzi nahi zaion arazoa (eta barkatuko didazue modu fribolo honetan beste gai batera saltatzea, baina ezin mutu egon).
Hori ez da desafioa, eskubidea baizik. Ez da erasoa, desobedientzia inteligentea baizik. Ez da estatu golpea, naziogintza berria baizik. Bolumen handiko kutsadura politiko lotsagabea Espainiako gobernuan dagoen alderdiak sortzen du tonaka, eta hor airea ez ezik arimak, esperantzak eta etorkizunak ere kutsa-tzen, gaixotzen eta zapuzten ditu behin eta berriz. Inpunitatearen eta opresio totalitarioaren aurrean askatasunak markatu behar du bidea, aire eta arnas berriak izateko.