Homofobia Txetxenian
KREMLINAK eta Txetxeniako gobernuak ukatu egiten ditu, baina beste iturri ba-tzuetatik datozen informazioek argi eta garbi adierazten dute gizon homosexualak erroldatu eta atxilotzen ari direla Txetxenian. Razman Kadyrov, Txetxeniako presidenteak, ukatu egiten du jazarpena, baina aurreko astean jakin dira Maxin Lapunov gazteari egindako tortura salaketak, ustez gay izatea arrazoi bakar. 12 egun preso eduki dute, jo dute eta gero kaleratu dute. Hori gutxi balitz, bada pop kantari bat, Zelim Bakaev, desagerturik. Moskutik arrebaren ezkontza ospatzera joan omen zen Groznyra abuztuaren 8an; lur hartzearekin batera atxilotu zutelako susmoa dago; gerora, ez familiak ez lagunek ez dute haren berri. Giza Eskubideen aldeko taldeen ustetan hil arte torturatu dute gay izatea arrazoi bakar. Gerora kantariaren bideo bat agertu da sare sozialetan. Bertan kantariak Alemaniara alde egin duela adierazten du; aktibistek, hala ere, ez dute sinesten, bideoa lehenagokoa izan daitekeela susmoa dutelako.
Jauziak jauzi aste honetan izan da Martxelo Otamendi Gasteizko Giza Eskubideen komisioan bere torturak salatzen, zeinengatik Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Espainiako Gobernua kondenatu baitzuen. Salaketa horietan behin baino gehiagotan adierazi du Otamendik torturek gehigarri homofobikoa izan zutela, alegia, bere izaeragatik irainak, mehatxuak eta abar jasan zituela, Iratxe Sorozabal edo Sandra Barrenetxeak emakume izateagatik torturez gain gehigarria jasan zuten bezala.
Ez dira horren muturreko kasuak behar homofobia zein matxismoa gure gizartean sakon erroturik daudela ohartzeko. Berdintasunaren alde pixkanaka lorturiko eskubideen hauskortasuna adierazten dute goiko kasu horiek, betikotasun itxurak gorabehera.
Txetxeniako gay gizonen errolda eta atxiloketek nola Otamendik salaturiko tortura gehigarriak nire baitara begirarazten dit eta galdetu zer dudan nik jendearen gorrotoa jaso eta atxiloketa merezitzeko.
Niri, horren ohituta nago nire buruarekin, homofobiak harridura eragiten dit. Eta gero beldurra.