Zahar etxeak
bIZILEKU edo egoitza litzazteke izen egokiagoak akaso, adintsu, heldu edo agure berbak ere zahar horrek dituen konnotazioak biguntzeko balio duen lez. Pozik, oraintsu arte asiloa deitzen geniolako eta, adinean aurrera goazenentzako ez du ez batere oroimen duin edo gozorik, behartsuen babesa den heinean, horixe zen hain zuzen etxe horien funtzioa. Gure herrian umeen asiloa ere ba zen, non moja batzuen zaintzapean, uniformatuz pasioan lerroan ateratzen ziren eta domeketan senideen bisita jasotzen zuten, ume pila bat bizi zen. Elkarren ondoan zeunden, bitxikeria ba da ere, herriko zinema aretoaren alboan eta baserritarren sindikatoaren aurrean. Herri erdian, alegia.
Garai berriak modu berriak dakartze eta, urteak aurrera, errisidentzia izena eman diogu asilo haiei eta bai egoile edo etxe mota aldetik, bai zaintzaileen izatetik erabateko aladakuntza eman dute etxeok. Ez ditut inola gutxietsi nahi serora haiek egindakoa, bai egun profesional bereizien esku daudela esan. Orduan bezala, gaur egun ere emakumeen zaintzapean dira atso agureok, hauen jatorria aldatu den arren. Izanen dira behartsuak baina hainbestean bizi izan direnak ere bai. Profesional horiek dira oraingoan behartsuen zerrendan sartzeko arrisku bizian daudenak eta gaurko iruzkina eskainiko dizkiodanak.
Urteterdi daramate borrokan Bizkaiko Aldundiaren esku edo babesean dauden egoitzetako langileok, langile emakumeak zehaztuko dut. Askoren ustez, eme izate hori delako, arazoa luzatzeko arrazoietako bat. 300 egun lanuzte betetzera doaz, egunotan konponbidea datorrela dirudienean. Urteterdi eta milaka greba ordu, mila bat eurotik gora irabazi eta astean 35 ordu lan egitea lortu ahal izateko. Etzen ba beste munduko eskaria ere. Zer gutxio, duintasun minimo batez familia bat aurrera eramateko? Konpon bidean dela dirudi baina ulertezina eta larria egin zait asteon Diputaziotik “haien ardura ez zela” esana. Eta bai, zahar etxetako langile, egoile eta haien eta hauen senide eta atazak Aldundiaren ardura eta ataza dira.