Ez-sukaldari
ALFONSO Alonso nonahikoa ez-sukaldaritza modernoenaz baliatu da egoera politikoa aztertzeko, euskal kulturaren gailurrean dagoela erakutsiz, esker-tzekoa dena beti. Alfonso Alonso ministro ohiaren ustez hemen (Euskadin, berak esan zuen moduan) Kataluniak oraintxe bertan duen egoerara heltzeko osagai guztiak ditugu. PPren zeregin nagusia ez-sukaldari izatea litzateke eta osagai horiek guztiak osagai huts mantendu, bakoitza bere platerean, bere kutxatxoan, bere botilan, elkarrengandik urrun, inolaz ere ez nahasteko, zeren, bestela, Katalunian bezala bukatuko baitugu. Alfonso Alonso Gasteizko alkate ohiaren hitzetan, errezeta arriskutsua osa dezaketenak hauexek dira: agintean dagoen nazionalismoa edo EAJ, oraindik indarkeriatan dabiltzan erradikalak edo Bildu, populistak edo Elkarrekin Podemos eta Euskal Batzar Nazionala izateko bidean daudenak edo Gure Esku Dago. Horren gordin, oliorik gabe, gatzik gabe. Agian Alfonso Alonso kontakatiluaren gogoan ez zegoen ez-sukaldaritza modernoa, Erdi Aroko ez-alkimia baizik, PPkoen pentsamoldearekin gehiago ezkontzen dena, batek daki. Alfonso Alonso azeriak ez zuen Alderdi Sozialista aipatu, osagai hori beste saltsetan dabilelako orain buru-belarri.
Ez dakit EAJri gustatuko zaion bere burua balizko errezeta arriskutsu horretan osagai moduan ikustea, orain Alderdi Sozialistarekin euskal zopa sendo batean baitago, eta PPrekin hainbat tartatan, Gasteizko eta Espainiako aurrekontuak direla eta. Argi dagoena da goizago ala beranduago EAJk erabaki garrantzizkoak hartu beharko dituela nahitaez. Espainiako Konstituzio santuaren 155. atal ditxosozkoa Kataluniari ezarri dion alderiarekin itunak sinatzen segituko du besterik gabe? PPkoen euskarri ezinbesteko bilakatu diren sozialistekin Eusko Jaurlaritzan jarraitzeko aukerarik dago, ezer gertatu ez balitz bezala? Politikaren ordua ez omen da iritsi eta etikarena atean joka hasi da. Sukaldariak eta Basque Culinary Center utzi eta igeltseroak kontratazeko tenorea da agian, zoru etiko berriak egiteko.