ASTE honetako irudiak eta esaldiak ditut buruan, gora eta behera, bueltaka. Ceutako mugan kokatu behar ditut birpasatzen ditudan lehen imajinak. Asteleheneko lehen orduak ziren Ceutako mugako pasabidean ia berrehun etorkin bildu zirenean, asmo bakar batekin: Europaranzko lehen urratsa ematea eta askeago sentitzea.

Infernuko bidean gorriak eta bost pasa ostean, ateak bultzatu eta zeharkatu zituzten eta samaldaka sartu ziren Espainian herrialde ezberdinetatik zetozen gizonak. Bestaldekoen harrera negargarriena izan zen. Bideoetan ikusi dugunez, bertako poliziek izan zuten ideiarik brillanteena borrak hartzea eta ostikoak bana-tzea izan zen. Espainiako poliziek agresibitaterik krudelena erakutsi zuten beste behin. Irudiotan polizia batek hanka erabiltzen du migrante bati golpe bortitz bat emateko. Emai-tza bestelakoa da: agente horrek tibia eta peronea puskatu zituen. Halarik ere, gobernuaren ordezkarien bertsioa harrigarria izan zen. Euren esanetan etorkinen jarrera bortxazkoa izan zen. Askatasun posiblearen bila modu desesperatuan korrika egitea bortxazko jarrera bat da orain.

Polizia horren zangalatrabaren estrategia beste inoiz ere ikusi ahal izan dugu. Petra László kazetari hungariarrarena izan zen kasu hartan. Aitak semea zeraman altzoan, korrika desesperatuan ere, baina aurrean Petra László kazetariarekin egin zuen topo. Azken horrek hanka zabaldu, zangalatraba egin eta etorkinak, aita-semeak, lurrera jausi ziren. Portaera nazkagarria.

Birpasatu dudan beste irudi sorta bat AEBtako Donald eta Ipar Koreako Kim bikoteak sorturikoak izan dira. Biak ari dira norgehiagoka tuntunean, ea nork duen handiena, potenteena eta suntsitzaileena. Bi politiko pepelerdo horien arma nuklearren inguruan, beldurra emateko moduko kalapita eta tentsio dialektikoa sortu da. Ipar Koreak proba nuklearrak egiten ditu maiz bere botere armamentistikoa erakusteko, baina azkenaldi honetan probekin batera agintarien mezuak eta balizko erasoak ere trukatu dira.

Zer dute buruan bi ezgai horiek?