SOLSTIZIOAK ez ditu urteak ekarritako gaitz guztiak garbitu. Ez da sekula horrela gertatu eta hala ere, urtero ahalegintzen naiz, San Joan suaren garretara botatzen ditut barruak kixkaltzen dizkidatenak, noizbait konjuruak funtzionatuko duelakoan. Aurten ere, alferrik.
“Emakume bat hil da labankadaz etxeko afera baten ostean”. Lerro-buru nagusien artean eman du Espainiako berri-agentzia ofizialak (izenak aipatzea itsuskeria omen da). Ez dugu ikasten, edo ez dugu ikasi nahi. Hil da, dio kazetariak, kalearen erdian laprast eginda jauzita, edota bihotzak kitto esan zuelako hil izan balitz bezala. Labankadaz odolez hutsarazteak, baina, ez dirudi munta bereko “gertakaria”. Subjektua falta zaio esaldiari: norbaitek hil du emakume hori, baina albistearen kontakizunean murgildu arte ez da haren bikotea azaltzen. Etxeko afera, dio kazetariak, etxean gertatzen diren gauza horiek esanez bezala, sukaldean entxufe batek kontaktu txarra egitea, adibidez, eta agian duda egingo du irakurleak, poliziari edota elektrizistari deitu behar ote zaion ez baita garbi azaltzen.
Urteak ekarritakoen artean, aurten gure herriko San Joan sugarrek ez dute birrindu biolentzia matxistaren agerraldi bakoitzeko sortzen zaidan amorrua. Ez dute garbitu gertatzen ari den basakeriaren aurrean askok erakusten duten axolagabekeria. Izan ere, matxismoaren muturreko ondorioen aurrean gertatzen ari denaren berri horren modu traketsean azaltzea ez da akats profesional soila, erantzukizunik ezaren erakusgarri baizik. Ikusi zenbakiak, ikusi eta pentsatu nolakoa zatekeen lerro-buru hori sistematikoki erasotu eta akabatu egiten dituztenak emakumeak baino, demagun, elektrizistak balira. Zaila da gizarte modura barruak kixkalita gauzkan biolentzia matxistari aurre egitea, ez are zailago, ia ezinezko bihurtzen da balizko zuzentasunaren izenean, ez bada ageriazko epelkeriaren gerizpean, isildu edo ezkutatu egiten bada. Nekez borrokatu ahal izango dugu etsaia ikusezin bihurtzen badugu. Konjuruak ez dira nahikoa, zerbait gehiago behar da noizbait emakumeok gizonak bezain libre hiltzeko eskubidea izango badugu.