URTE berrirako asmo onez esan daiteke Oscar Wilde-k asmo on guztiez, orokorrean, idatzi zuen huraxe bera: kontu korronterik ez dugun banku bateko txekeak betetzea bezalakoak direla. Nik aspaldian utzi nion urte berrirako asmo onak izateari; egia esan, ez dut gogoratzen noizbait izan ote ditudan. Izan ere, dieta egin, hizkuntzak ikasi eta ariketa egitea (urte berrirako asmo onen errege-erreginak) nire bizimoduaren zati izan dira (edo ez) beti, eta abandonatu edo berreskuratzen ditut edozein dela hilabetea, urtea edo eguna. Urte berrirako laugarren asmo on nagusiaz, erretzeari uzteaz, esan behar dut atzeratzen ari naizela sine die.
Ez dut ukatuko lau asmo on horiez gain badirela beste asmo on xumeago edo lasaiago batzuk (handiagoak edo harroagoak egongo diren bezala), baina ez dut oso ondo ulertzen urtarrilaren lehen egunak duen mugarri mugiezinaren nortasun hori. Beti pentsatu izan dut bizitzan bizpahiru erabaki garrantzitsu har-tzen duela norberak, eta beste guztia bizitzaren eta denboraren jario etengabean aurkitzen diren kasualitateak edo hasierako erabaki horien ondorioak (eta ondorioen ondorioak) baino ez direla.
Suposatu nahi dut, baina, guztiok behar ditugula horrelako egun zedarriak atzean utzi dugunaz eta aurrean daukagunaz hausnarketa egiteko edo, eta Urtats dela guztiok batzen gaituen egun bakarra, jendartea kohesionatzeko modu bat (barkatu pedantekeria). Beste egun batzuek, ikasturte hasierakoa edo udako oporren bukaerakoa edo solstizioak lausoegiak dira edo gutako batzuk baino ez dituzte benetan ukitzen. Nik egun pertsonalagoak nahiago ditut urtemuga bezala, urtebetetzeak eta horrelakoak, horietan gai ez banaiz ere asmo onik izateko, ezta txarrik ere (esan beharko dut nire defentsan).
Ezagun batek urte berrirako nire asmo onez galdetu zidan kalean orain dela gutxi. Hemen azaldu dudana erantzun nion, Oscar Wilderena barne, nire burua zuritzeagatik. Estrabagante bat naizela esan eta gero, bere asmo onen zerrenda luzea aletu zidan inolako gupidarik gabe.