Síguenos en redes sociales:

Gertakari bat

EMATEN du geure buruak ezkerrekotzat ditugunok aldaketaren altzoan bizi garela. Hauteskundeetatik, bat-batekotasun batetik, ekintza huts batetik sortuko den gertakari garrantzitsu batek gauzak aldaraziko dituela. Edozein gertakari halaxe irakurtzeko joera dugu, Greziako ezetza esaterako; edo Podemosen gorakada; edo etxegabetze bat; edo gure adiskideen bizitza pribatuko edozein erresistentzia ekintza. Gertakari bat behar dugu, braust batean gauzak aldatuko lituzkeena.

Mohamed Bouazizik bere buruaren erreketarekin Udaberri Arabiarra gauzatu zuen moduan, antzerkiaren farfaila agerraraziko duen ekintza bat behar dugu. Diotenez, Sharen kontrako erregimenaren antzerkiaren atzekotak agerian gelditu ziren, noiz eta polizia batek Teheranen ibiltari bat atxilotu nahi izan zuenean zebra bidea gurutzatzeagatik; ibiltariak ezezkoa eman eta poliziak, lotsaturik, alde egin zuenean orduan geratu omen zen Sharen erregimenaren fartsa agerian, eta erortzen hasi.

Denok dakigu telebistan ageri diren gobernariek ez dutela benetan agin-tzen, horrenbeste aipaturiko demokrazia antzerkiaren dekoratu baino ez dela, mozorroak kendu eta oholtza hutsik gelditzen denean, IBEX35 enpresak ageri direla benetako aktore baina bada zerbait egia hori agerikoegiagatik ikusezin egiten duena.

Marxek “jauzi kualitatiboa” deitu zion Mohamed Bouazazik gauzatu zuen une eta denbora horri. Greziak ezezkoa eman dio Erakundeei -eufemismo berria lehen Troika deitzen zena izendatzeko- baina azkenean Greziak haiek agindutakoa egingo du, nahiz eta guk sinetsi Greziako herriak esandakoa bete dela.

Badakigu Rajoyk engainatu egiten gaituela zergak jaitsiko dituela esaten digunean, Zapateroren garaian baino zerga gehiago pagatzen baitugu, baina, hala ere, antzerkiaren fantasiak erakarririk showaren inertziak aurrera garraiatzen gaitu. Badakigu austeritatea bukaturik ekonomia hazten hasiko balitz ere, kapitalismoaren gose infinitoa Lurraren eszenatoki finitora mugatzeak talka eta kolapsoa ekarriko duela, baina ez ohartuarena egiten diogu.

Bitartean... esperoan...