KALEAN bizi diren 1.800 lagun pasa kontatu omen dira EAEko hiri eta hirigune nagusietan. Horietatik % 75 gizonezkoak eta % 10 adingabeak.

Zenbakiak. Datuak. Azterketak. Salaketak. Eta?

Harritu egiten gaituzte zenbakiok. Inork ere ez genuke nahi egoera horretan norbere burua aurkitzea. Inor ere ez baita nahita iristen tankera horretako egoerara. Edo, beste era batera esanda, pertsona orok baitu eskubidea (idatzita edo idatzi gabe egon), bizitza duintasunez bizi ahal izateko, gutxienekoak diren beharrak aseta izateko eta, bizitzan, beste aukera bat edukitzeko.

EAEn, eman zaizkigun datuak hemengoak baitira, duintasunaren irudi edo kontzepzio bat daukagu. Ez irekiena Europan kokatzen bagara, eta bai zorrotz samarra, lanari eman izan diogun garrantziagatik eta duintasunaz hitz egiten hasteko, babarrunak heltzetik ateratzen ikasita egon beharra dagoela sinesten dugulako.

Kalean bizi diren askoren egoerak, aldiz, zorroztasun eta kontzepzio hauetatik kanpo sailka daitezke. Eta, hala ere, gizakiak dira, familiarik onenetako seme-alaba guztiak bezala. Aski zaharkituta gelditutako adiera azken hau ere.

Aspaldi da Europako hiri zahar eta aurreratuetan ikusi genuela, polizia kotxeak edota hemengo DYAren antzekoak, kalean lo egiten duen jendea jasotzen (kotxeetan sartu eta egoitza berezietara eramaten). Aspaldi da antzeman genuela, hiri haietan, jendeak ezin zuela kalean egon. Gizakorragoak zirela. Kaleetan barrena paseatzen duten hiritar eta turistek ezin dutela ikusi bera bezalako beste bat kalean botata. Edota kalean botata daudenek ez dutela sentitu behar “abandonatuta” daudenik, beren patuaren desjabe.

Hemen ere, bada, gizarte ekintza ezberdinak behar dira abian, kalean bizi den jendeari behar den gutxienekoa eskaintzeko. Edo gutxienez, eta egoskorragoak izanda, bihar edo etzi ez garela bakarrik eta babesgabe geratuko jakiteko.