TABERNAN, kafe makinari begira ebaki bat hartzen ari naizela, pentsatu dut makinengandik ere badagoela zer ikasi. Telefono mugikorretatik hasita, kontuan izan beharko genuke geuk ere haiek bezala poliki gastatzen doan bateria bat dugula eta komenigarria dela ezer egin aurretik zenbat energia geratzen zaigun begiratzea. Guretzat benetan garrantzitsuak diren gauzetarako gordetzeko batez ere.

Honetaz asko daki inprimagailuak, "inprimatze zerrenda" filosofiaren asmatzaileak. Lehentasunak markatzea zein garrantzitsua den erakusten digu, eta gauzak banan banan egitea komeni dela. Bizitza etengabe aukeratzea baldin bada, ezinbestekoa da lehen lerroan zer doan jakitea, zerk duen bigarren mailako garrantzia, eta zerk ez duen inolako garrantzirik. Une bakoitzean zer den garrantzitsuena erabakitzea da gakoa.

Eta ordenagailuak. Ordenagailuek badute elementu bat geure burua osasuntsu mantentzeko giltza moduan ulertu dezakeguna. Pantailaren bazter batean, han dago, gure salbazioa izan daitekeena: zakarrontzia. Gainetik kendu nahi dugun guzti hori botatzeko lekua, soberan dugun guzti hori, geure buruan pisu gehiegi har-tzen ari den hori. Ahaztea da gure zakarrontzia, eta askotan zaila den arren, batzuetan ahaztea ondo dago, osasuntsua da. Gustatzen ez zaiguna ahaztea, geldiarazi eta izozten gaituzten damu eta tristurak ahaztea. Benetan garrantzitsua ez dena albo batera uztea, burua libratzeko eta argitasun gehiagoz pentsatu ahal izateko. Burutik zaborra kendu. Makinak ondo diseinatuta daude gauzak ezaba-tzeko. Nahikoa izaten da botoi bat zapaltzea.

Ez gara makinak, eta ez dut uste inori makina izatea gustatuko zaionik, baina batzuetan zelako bakea ematen duen kafe makina bat baino ez zarela pentsatzea. Kafe makina bat, besterik ez. Une batzez gelditu eta ezertan pentsatu gabe egoteko aukera izatea, norbaitek beste ebaki bat eskatu arte.