Síguenos en redes sociales:

Lurrikara kooperatibismoan

fagor deiturikoaren inguruan jazotakoak bazterrak astindu ditu. Horiek horrela, izango da halakorik zetorrela iragarri zuela esango duenik, bai eta erantzule bila arituko denik ere. Edozelan ere, gertaturikoa arrazoi ugari metatzearen ondorio izango da, seguruenik.

Bizi dugun zorigaiztoko krisia izango da horietako bat. Hainbatek espero eta aurreikusi baino gehiago luzatzen eta enpresek eusteko izan dezaketen indarra ahultzen ari dena, ekonomia-ehuna makalduz; beste arrazoi bat, familiek eskuartean dituzten baliabideen gainbehera eta etorkizunarekiko dituzten zalantzek sorturiko egoera izango da, halako gaien kontsumoan eragin zuzena duena; amai-tzeko, une jakin batean eginiko inbertsioak eta hedapen-politikak ere egongo dira atzealdean, ekonomiaren gainbeherarekin batera arazoak areagotu dituena.

Askoren artean erabakiak har-tzea ez da erraza izaten, ondorio pertsonalak eta ekonomikoak bazkideek zuzenean hartu behar dituztenean are gehiago. Halakoetan, denbora irabazteko ahalegina egin ohi da, albora begiratzeko joera indartu ohi da, norberaren zilborrari begira egoteko joera indartzen da, denboraren joan eta etorriak arazoak onbideratuko, gainditzen lagungo duen itxaropenarekin. Alabaina, arazoei sasoiz ez oratzeak egoera okertzea ekar dezake, neurri are gogorragoak hartzera behartuz baldin jardunari eutsi eta osasuntsu egon daitezkeen txatalak salbatuko badira.

Ez da erraza konponbidea bila-tzea. Horrexegatik, den-denok jarri beharko dugu dezakegun guzti-guztia sorturiko egoera ahalik ondoen bideratuko bada.

Izan ere, kooperatibismoak asko egin du herri honen alde, bai jarduera ekonomikoa eraberritzeari dagokionez, bai eta baloreei eta ikusmirari dagokienez ere. Nahiz eta denborarekin aitzindarien ekarria, gogoeta, inplikazioa eta konpromisoa ahultzen eta lauso-tzen joan diren, erabakiak har-tzeko moduak konplikatuz eta urrunduz. Krisi honi kooperatibismoak berak egin behar dio aurre, elkartasunaren bidetik egin ere. Burua hotz duela, etorkizunari begira jarri, eta erabakiak, direnik zailenak, hartu beharko ditu, egoera honetatik indarturik aterako bada.

Horretan, bidaideak beharko ditu, herritarrak, herri- eta finan-tza-erakundeak. Baina, dagozkion erantzukizunak ezin ditu saihestu, eskualdatu, ez eta inoren bizkar ipini. Etorkizuna ziurtatzeko asmoz, hori erdiesteko indarrak jartzeko unea da, errudunak bila-tzen atentzioa desbideratzen bainoago, egongo baita halakoetarako aukerarik etorkizunean. Kooperatibismoa berrindartzeko eta eguneratzeko aukera berri bat dago aurrealdean. Denon esku dago, bazkideen esku batez ere, egoera hits hau egiazko aukera bilakatzea aurrera egiten segitu ahal izateko.