POLTSAK berdeak, beltzak eta zuriak ziren, baina batez ere berdetasuna ikusten zen. Eurek okre edota hareazko lurraldeetatik etorri nahi zuten berdetasunera, nolazpait, beste kolore batzuk ikustera, baina bidaiak betiko iluntasun grisera eraman zituen. Poltsak berdeak ziren nagusiki.Lurrean ikusi nituen luze eginda, portuan, itsasotik ekarri berriak. Pertsona baten tamainako poltsa horien barruan hilotzak zeudela atzematen zen erraz. Zenbatuz hasiz gero ehunka ikusiko genituzke, eta aise nekatuko ginen zenbaketa tristean.
Dramaren emaitza da egun hauetan argazkietan ikusi duguna; poltsa berdeak gorpuekin. Eta esperpentoaren tamaina ezin buruan kabitu irudikatzen hasten baldin bagara.
Ehunka etorkin itsasora botatzen dira egunero, sekulako arriskua onartuta, migrazio sonanbulikoan, euren herri pobreetatik alde egiteko, bizimodu duinago baten bila hemengo eremu magnetikoetara abiatzeko. Asko ez dira inoiz ere ustezko paradisuko kostaldera helduko, eta euren bizitza gaztea itsaso zabal eta hilgarri horietan amaituko da. Hala agitu da duela egun batzuk Lampedusa irlan, non ehunka gizaseme hil diren balizko ametsa lortu nahirik. Eta hemen, Europa bero eta eroso honetan, espektakulu groteskoa begiratzen dugularik, pilotu automatikoa jarrita dugu gure arazotxoetatik atera-tzeko, jaten ematen digun kapitalismo zikinak hangoak ere leher-tzen dituen bitartean.
Egoera horrekin arin zabaldu zen tristezia bertako biztanleen artean. Telebistan agertu zen jendea erabat minduta eta atsekabetuta nabari-tzen zen, hunkigarria izan zen haien lekukotasunak entzutea, haien imintzio tristeak pantailaz bestaldean ikustea. Baina dramak muga guztiak gainditu dituelakoan nago, guztiok inarrosi gaitu. Agian, mundua gobernatu nahi duten politikari handiuste horiek euren mahai dotoreen gainetik begirada desbidera dezakete, eta harantzako begiratu, harantzago non gu bezalako pertsonek duintasuna aldarrikatzen duten.
Paraje berdeagoak dira gureak, ez dadila izan poltsen berdetasuna jasoko duten kolore bakarra.