Síguenos en redes sociales:

Ontziaren egiturea sendotu beharra

Athleticek hamasei denporaldi daroaz Espanyolen zelaian irabazi barik. Urte asko dira bai, baina astelehenean lez jokatu ezkero beste urte asko igaroko dira zuri-gorriak perikitoen habian nagusitu arte. Ernesto Valverdek ondo baino hobeto ekian zelako partidua planteauko eutsan Agirre luki zaharrak. Borrokearen nondik norakoak ezagututa, Athleticeko entrenatzaileak lau aldaketa egin zituan azken jardunaldian zelairatu eban hamaikakotik. Mikel Rico, De Marcos eta Iturraspe sartu ebazan taldea sendotu gurean. Horregaz batera, Gorka Iraizoz jarri eban atepean, Celtaren aurka makal ibili zan Herrerinen ordez. Aitortu behar dot, aurretik behintzat, gustuko nebala Valverdek egindako planteamentua.

Partidua hasi eta bigarren minuturako agerian geratu zan Athleticen egitura defentsiboaren ahulezia. Espanyolek, gauza handirik egin barik, markagailuan aurreratzea lortu eban. Aurretik, arbitroak ez eban penalti adierazo Colottok baloia eskuagaz jo eban jokaldia. Bernabeuk gertatu izan balitz?Kontuak kontu, Agirrek gura eban modura eukan partidua. Athleticek, ostera, ez eban amore emon eta markagailuan atzetik egon arren bardinketaren gola sartu eban lehen zatia amaitzear egoala. Lehen zati makala jokatu arren, itxaropen guztiak bizirik egozan bigarren zatira begira.

Lau minutu beranduago, ostera, perikitoek munduko erraztasun guztiak euki ebezan Gorka Iraizozen atea zulatu eta partidua barriro euren alde ipinteko. Espanyolen bigarren golean Victor Sanchezek errematea bakar bakarrik egiten badau, hirugarren golean Athleticeko atzealdeak erakutsitako biguntasuna ikaragarria baino gehiago izan zan. Jakina, holan ez dago ezer egiterik eta inora heltzerik denporaldi honetan. Espanyolek gogor estutu eban Athletic eta Valverderen taldeak arazo itzelak euki ebazan erasoko jokoa antolatzeko. Zuri-gorrien arazo nagusia, baina, ez dago aurkariaren atea bilatzeko orduan, bere atea jagoteko orduan baino. Valverderen taldeak bederatzi gol jaso dauz liga txapelketako lehen bost jardunaldietan, ia bi partiduko. Barriro dinot, holan defendiduta ez dago inora joaterik. Ontzi honen egiturea ez da sendoa. Ur gehiegi sartzen da egur tarteetatik eta preminazko konponketea behar dau.

Lau aldaketa egin zituan Valverdek hamaikakoan baina ez eban atzealdeko lerroa ikutu. Ekiza, Balentziaga eta Saborit lesionaurik egon arren, entrenatzaileak beste aukera batzuk aztertu beharko leukez atzealdea sendotzeko. Xabi Etxeita hortxe dago, zain, Unai Albizua lez. Ikusitakoa ikusita, aukera bat merezi dabe. Nire uste apalean, Laporte hegalean koka-tzeak ez deutso onurarik ekarten taldeari eta zentral on bat kentzen deutso. Txar baten, De Marcosek jokatu leike ezker hegalean, Bielsagaz behin baino gehiagotan egin eban lez. Aukerak badagoz. Ez dakit zein izango dan egokiena baina garbi dago Athleticek ezin dauela holan segitu. Taldearen oinarria ez da sendoa. Hain gatxa da atzealde sendo bat osatzea? Lehen mailako hamabi taldek Athleticek baino gol gitxiago jaso dabe ligako lehen bost jardunaldietan. Tartean Granada, Valladolid edo Elx. Ofizio faltea aitatu eban Valverdek Bartzelonako partiduaren ostean. Ofizioa ez da entrenamentuetan ikasten. Jarrera kontua da gehien bat.

Kontuak kontu, erasoko jokoak ez deust burukominik sortzen. Athleticek kalidade handiko gizonak ditu erdialdean eta aurrealdean eta seguru nago Valverderen taldeak joko ikusgarria eskainiko deuskula. Horrek guztiak, ostera, ez dau ezertarako balio defenditzeko orduan egitura sendo bat ez badago. Akats nabarmen hori konpon-tzea da lehentasuna.