Hauteskundeetan esaten direnak eta orain arte urliak edota sendiak egin dituenak alderatzea baino ez dira behar, politikari ba-tzuek oroimenik ez dutela edo laburrekoak direla erreparatzeko. Lopez eta Ares, bi-biak, hor dabiltza Urkullurekin aurrez aurrekoa lortu nahian, tematurik, ez dagokien protagonismoa eskuratu nahian. Harekin eztabaidatu nahi dute, an-tza denez. Hirugarren indarrak lehenbiziko indarrarekin, bigarrena eta laugarrena bazterrean utzita. Espainian bi alderdi nagusiek jorratu duten bidea, eskema errepikatu nahi dute Euskadin, hemen bestelako errealitate politikoa dagoela jakin arren. Adierazpen tristeak, edonondik begiratuta, legealdi osoan zehar lehenbiziko indarrarekin harreman normalizaturik garatzeko gauza izan ez direnen aldetik, boterea harrokeriaz, gehiegikeriaz, sektarismoa tarteko baliatu dutenen partetik. Zer espero liteke Lopez bezalako baten aldetik, eta haren alderditik, gauza bat esan eta guztiz kontrakoa egin dutenean?

Euskadik langabezia-tasa eta zor publiko txikiak dituela? Bada ez da Lopez eta enparauen kudeaketaren emaitza, baizik Ibarretxe lehendakariaren eskutik jasotako egoeraren ondorioa. Alabaina, oraingo lehendakariak kargua hartu duen denbora laburrean zer gertatu da? Langabezia-tasak ikaragarri gora -%35 denbora-tarte labur horretan-, eta zorrak, aldiz, are gorago egin duela -zortzi aldiz-. Horixe da aldi honen emaitza. EAEko erkideak txiroagoak gara, lehendakari honen inkonpetentziari eta lan egiteko erakutsi duen ezgaitasunari esker, PSE eta PP alderdiek, bi-biek egin dutenagatik. Hauteskundeak ez dira igaro, herritarren bozen emaitzak ez dakizkigu, baina osteko eskenatokia da hizpide alderdien artean.

Eserleku gehien eskuratzen duenak gobernatu behar duela dio orain EH Bilduk, atzo arte, eserlekuak ez baizik herritarren boto-kopurua kontuan hartu behar zela zioen alderdiak. Herritarren boto kopururik gehien eskuratzen zuenak gobernatu behar zuen ere udaletan. Halaxe aldarrikatu eta azpimarratu zuen zezakeen guztietan, beretzat hartutako udalak ziurtatzearren. Gero, bere interes partikularren arabera bestela aritu da. Izan ere, bekatu arina da norberak egina baldin bada. Aberia norberak egina baldin bada... santua, santua, bizi osoan zehar! Gainerakoek egiten badute, ostera..., Lapurrak! Mintegik guztien artean hitz egitearen komenientziaz eta akordioetara iritsi beharraz dihardu. Urkulluk, haren aurretik halakoak esan dituenean, esan gabekoak jartzen dituzte haren ezpainetan, EH Bildukoekin akordiorik ez duela nahi azpimarratuz, esate baterako. Nork ez du akordiorik gura eta norekin? Eta akordioak nahi badira zertarako ote? Ala ez ote da EH Bilduk EAJ alderdia menpean nahi duela, herritar gehienek babesten ez dituzten eskakizun, asmakizun eta aldarrikapenen inguruabarrean alderdi hau nahasteko? Ezker Aber-tzalea deiturikoak PSE alderdiarekin dituen elkarrizketak Euskadi Europan nazio gisa onartzeko, lurraldetasuna ziurtatzeko ote dira? Fiskalitatearen eremuan Gipuzkoan zarratutako akordioa, horrenbeste alditan gutxietsitako Kontzertu Ekonomikoa pitzatu eta burujabetza fiskala eskuratzeko ote da? Eta PPrekin errepideak direla eta, Gipuzkoan sortutako batzordea zer da? Nortzuekin eta PPkoekin... Jainkoarren! Antiguako Amabirjina! Ai, nire amak ikus baleza! Esplikazioa dauka, euskal politikagintzan berri-berriak dira-eta, nahiz eta haietako asko aspaldikoak diren, ezagunak baititugu zeregin horretan, bigarren, hirugarren... ez dakit zenbatgarren azaldu arren. Era berean, haietako batzuk kontu eske ari dira, EAJk Eusko Jaurlaritza eskuan izan zuenean izandako kudeaketaren harira, nahiz eta hainbat kudeaketa horretan partaide izan ziren. Orain, itxurak egitea tokatzen da, ustezko berritasunaren izenean.