Euskarari lege-geriza egokia
DATORREN larunbatean manifestaldia deitu dute Baionan Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak, euskararen ofizialtasunaren alde. Horiek horrela, beste behin milaka herritar, mugaz bi aldeetakoak den-denak, elkartuko dira aspaldikoa den eskakizunaren, aldarrikapenaren inguruabarrean. Nolanahi ere, agerraldiak emaitzarik ez duela izango aurresan daiteke. Izan ere, Frantziak ezezkoarekin erantzun die eskualdeetako hizkuntzei aitormena emateko orain arte abian jarri izan diren ekimen guztiei.
Estatuaren batasuna ahultzen omen dute eskualdeetako hizkun-tzek. Horra hor, arrazoi nagusia. Arrazoi beragatik, Frantziak ez du Europako Eskualdeetako eta Erregio Hizkuntzen Gutuna berretsi, beraz, ez du haren edukia betetzeko inolako obligaziorik. Bitartean, euskara bezalako hizkuntzak atzera egiten segitzen dute Frantzian.
Odol-jarioak ez du ia etenik. Adin-talderik zaharrenak dira eskualdeetako hizkuntzetan mintzatzen direnak; familia-transmisioa eten egin da eta gazte belaunaldiek irakaskuntzaren bidez eskuratu dezakete, dezaketenean, galbidean doan mintzaira hori, modu ez-osoan zenbaitetan; herri-aginteetan eskualde-hizkuntzen presentzia oso ahula da; hainbatetan, mintzatzen diren eremuetan ere zaila izaten da hizkuntza hori bizirik dagoela ere antzematea eta abar.
Hainbat hiztunek gainbehera datorren bizimodu batekin lotzen dute haien gurasoengandik jasorikoa, beraz, zertarako erakutsi, belaunez-belaun transmititu desagertzen ari dena, etorkizunik ez duena, prestigiorik ez duena, ez-ikasien kontua dela diotena? Eta horixe da aldarazi beharreko lehenbiziko kontua nire ustez. Atzeraka doan hizkuntza-erkidegoa bere borondatez salba baitaiteke soil-soilik, eta irauteko erabakia hartzen duenean, xede hori lortzen lagundu behar zaio, oztopoak jarri beharrean baina euskararen egiazko bizi-indarra Euskal Herri kontinentaleko herritarren baitan dago, gainerakook lagundu dezakegu, bizi-indar hori dagoen neurrian. Ez gehiago, ez gutxiago ere!
Hari horri tiraka ofizialtasuna lor-tzea urrats garrantzitsua da, ezbairik gabe baina ez da nahikoa eskualde-hizkuntzen egoera zein den kontuan hartuta. Aitormena behar da baina horrezaz gain baliabideak ere behar dira, giza baliabideak, lagun-tzak, azpiegiturak, eskualde-hizkuntzetan ari diren hizkuntza erkidegoak ikustarazteko eta haren jardunari prestigioa emateko ahalegina. Ofizialtasuna makulu herrena da bestelako baliabiderik ezean!
Nola inguratu Frantziaren itxikeria eskualde-hizkuntzei aitormena emateko orduan? Nola baliatu aldarrikapen horren inguruko jende-uholdea egunerokotasunean, hizkuntza biziarazteko eta indarberritzeko jardunean? Horixe da euskararen inguruan dagoen jendarteak, elkarte eta erakundeak lan-tzen ahalegindu beharko liratekeena... ginatekeena ofizialtasunaren aldeko aldarria ezerezean gera ez dadin. Nago horixe egitea dela zailena, estrategia horretan aldekotasunak bilatzea, sinergiak baliatzea, euskararen aldeko estrategia eraikitzea dela zailena baina horixe da gauden atakatik, bagarela onartu nahi ez dutenen aurrean egin dezakegun ekarpenik eragingarriena, etorkizuna emanez gure hizkuntzari, bidenabar.
Larunbatean deiadarra zabalduko da, beste behin zabaldu ere Iparraldean, hego-ipar elkarloturik, hizkuntza bat eta bakarra baita herri gisa nonahi agerrarazteko tresnarik behinena, eraginkorrena.