Síguenos en redes sociales:

Estoldak

GURE herriak Askatasuna eta estolda-sareak defendatzen ditu". John Betjeman idazle ingelesaren esaldia da, eta nik dakidala, ez zen sekula programa politiko baten agertu (ez idazlea, ezta esaldia bera ere). Lastima: jende askoren botoak erakartzeko modukoa iruditzen zait. Interpretazio librean, hauxe da nik esaldiari aurkitzen diodan xarma: balore handiak bezainbeste defendatu behar dira (ustezko) gauza txiki horiek ere.

Aspaldiko partez, estoldez kezkatzea egokitu zaigu. Urteetan, alegiazko oparotasunean bizi izan gara, eta berezkoa zitzaigula sinisteraino errotu zaigu. Aberatsak ginelakoan, fantasiazko errealitatea sortu dugu, zeinean arazoak berez konpontzen baitziren eta denontzako aukerak ez ziren borrokatu egin behar. Bat-batean, ordea, merkatuak deituriko Satan berriek paradisutik bota egin gaituzte, eta kale gorritik ari ga-tzaizkio elkarri kontuak eskatzen.

Oharkabean, gure herriko estolda-zuloetatik ari gara: langabeziaren kiratsa kale nagusietaraino iritsi da, etorkizunik ezaz dihardute irakasleek eskola-orduetan, lantegiak itxi egiten dira, eta pobrezia ez da jadanik besteei gertatzen zaien zerbait abstraktua.

Programa politikoek ahotik ahora darabiltzate berba potoloak: Demokrazia, Ongizatea, Garapena... Zaila da ados ez egotea: salbuespenak salbuespen, denok gara printzipio handi horien aldekoak. Kontua da, ordea, orain letra txikiari erreparatu diogula eta akats ortografiko piloa aurkitu dugula han. Demokrazia ahoskatzean murrizketen M-a letra larriz idazten dute batzuek, edo garapena idaztean -pena atzizkia azpimarratzen dute. Herria hatxearekin idazten dute, hizki mutua izanik, herritarrei isilik eutsi ahal izango dietelakoan.

Nire botoa eskuratu nahi duten alderdiei oharra: Askatasuna defenditzen dut nik nik ere, baina aldekoa nahi banauzue, argi eta garbi esadazue zelan garbituko duzuen urte hauetako zaborra.

Askatasunik gabe ezin da bizi, baina estoldetatik datorren kiratsarekin oso desatsegina da horrela bizitzea.