Síguenos en redes sociales:

Arabatik euskararen herria eraikitzen

Pasa den asteko ostiralean egin dira Gasteizen, Arabatik Arabara euskaraz goiburupean, Euskaltzaindiaren XVI. Jagon jardunaldiak, Akademiaren Sustapen batzordearen eskutik. Jardunaldi hauek Araban lanean ari diren elkarte eta erakunde ugariren ekarpenari esker antolatu dira eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza ere izan dute.

Araban euskararen indarberri-tzeari dagokionez, beste errealitate eta lurraldeetara eramateko moduko dinamikak, egitasmoak abian daudela ikusten aukera paregabea izan dugu. Izan ere, lekuan lekuko errealitatera egokitu behar du euskararen aldeko langintzak baldin gure hizkuntzak hiztunak eta erabilera eremuak irabaziko baditu... biziberritzean aurrera eginez.

Ehundaka urtetik hona, belaunez belaun igaro diren herri, auzo, bailara, mendi, landare, eta abarretako izenek euskara Arabako lurraldean arrotza ez den hizkuntza dela erakusten digute, ez hori bakarrik, sasoi batean lurraldearen zati gehienera euskara hedatuta zegoela ere erakusten digute. Denboraren joanean, ostera, euskara gainbehera etorri da lurralde honetan, beste batzuetan bezala. Azken hamarkadetako egoera guztiz bestelakoa da, zorionez! Araba da azken hamarkadetan euskararen indarberritzea indar biziz antzematen den herrialdeetako bat.

Susperraldi bizkorra bizi du gure hizkuntzak Araban, hizkuntza-erkidegoa ere gaztetu egin da, denbora laburrean, adinez aurreratuenak euskaldunak izatetik gazteenak izatera igaroz. Erabilera-eremuak ere ugariago dira egun sasoi batekoak baino... baina bide luzea egin dugun arren, are bide luzeagoa dugu eginkizun.

Erabilerak... ditxosozko erabilerak kezkatu egiten gaitu. Urteetan ez omen da igoerarik ematen ari, ezagutzaren hazkundea eta erabilerarena ez omen doaz batera... eta halaxe izaten jarraituko omen du, ezagutzak gutxieneko kopuru batera iritsi arte, bederen. Nolanahi ere, erabilera mantentzea datu positiboa, azpimarratzeko modukoa dela iruditzen zait. Denboraren joanean hiztunen ezaugarriak, bizi-baldin-tzak aldatu egin baitira, beraz, baldintza zailagoetan -hiztunen hizkuntza-maila, harreman-sareak, ingurune hurbila...- erabilerari eusteak halako euste-indarra ere badagoela erakusten du. Kontua da hori ez dela nahikoa, horrekin bakarrik ez dagoela etorkizuna irabazita.

Garai batean, euskararen aldeko jarrera urriagoa zen kopuruari dagokionez, baina eragingarriagoa zen euskararen indarberritzearen alde egiten zuen lanaren aldetik. Jazarria izan zen hizkuntzari eta hiztun-erkidegoari eskubideak birjartzeko ahaleginak egingo zuen ere bere ekarria. Kontua, ordea, zera da, denborarekin euskararen aldekotasunaren zorua zabaldu egin dela baina, aldi berean, epeldu ere egin dela jendearen inplikazioa. Inoiz baino hiztun eta erabilera-eremu gehiago ditugu baina indarberritzearen aldeko hauspoa, arnasa moteltzen ari da, ia oharkabean.

Euskarak etorkizuna irabazita daukala zabaltzen ari dela ematen du... eta etorkizuna ez daukagu inolaz ere ziurtatuta!

Ikastola eta eskoletan euskaraz ikasten ari direnen kopurua hazteak ezer gutxirako balio du baldin gazte belaunaldien ingurune hurbilean euskararen presentzia areagotzeko, maila berean indartuz joateko berebiziko ahalegina egiten ez badugu. Alegiazko gizartea saltzen ari gatzaizkie... egunero, ohikotasunez, naturaltasunez gaztelaniaz bizi den herri baten alegiazko errealitatea.

Baliatzen ez duguna, gure ohiko jardunerako baliagarri ez zaiguna, zerbitzuetan, aisialdian, kultur eskaintzan, ostalaritzan, herri-administrazioetan ia era anekdotikoan darabilguna hiztun berrien eguneroko jardunaren habe izan dadin nahi dugu... eta hori ezin da! Ez Araban ez eta euskararen gainerako lurraldeetan.

Euskararen indarberritzeak pasa den mendeko laurogeiko hamarkadaren aurretik zedarrituriko bideetan murgildu da... XXI. mendeko errealitateari begira bide berriak finkatzen hasteko eta jorratzeko unea iritsi da, denon aldekotasunak bilatuz, lankidetza bideak urratuz.