HAMAHIRU urterekin horrela egotea normala dela esaten diotenei zelan begiratu behar dien ere ez daki. Arraro sentitzen da Ainhoa, zergatik ez dakien arren. Edo agian, horregatik: den-dena jakin nahi izatea berezkoa baita adin horretan.
Haurtzarotik estropezurik egin gabe igaro da Ainhoa, zebrabideak errespetatuz. Ezustean heldu zaio lurrikara, aurrera begiratu eta ezagutzen ez duen lurralde berrian murgiltzeko sentitzen duen grina hori. Harrituta dago bere buruarekin, haserretu egiten da bere buruarekin, lehen baino askoz maizago hitz egiten du bere buruarekin eta zer esan ez dakiola begiratzen dio ispiluari. Nor da hor aurrean ageri den pertsona hura? Hamalau urteko gaztea da, dudarik ez, eta badu bere antza, baina ez da bera. Gorputzean antzematen ditu aldaketak, baina horiek eramatea oso erreza litzateke, begien artera heldu zaion keinu bitxi horrengatik ez balitz. Uzkur begiratzen dio bere inguruari azken bolada honetan, borrokarako gogoarekin, noren kontra edo zerren alde borrokatu behar den ez badaki ere. Edo horregatik agian: adin horretan den-dena jakin nahi izaten baita.
Zer egiten du pertsona berriak bere gelan, bere lagunekin hitz egiten, bere gurasoekin diskutitzen, berea zen aurpegiarekin janzten? Ainhoa arraro sentitzen da, eta harrituta batzuetan.
Bere gelako atea ixten hasi zen egunean jabetu zen Aihoaren ama alabari zetorkion aldaketez. Bere besarkadetatik ihes egin zuen egunean ohartu zen aita. Goizegi dela uste dute, nerabe izateko berez txikiegiak baitira seme-alaba guztiak gurasoentzat. Beraiek ere arraro sentitzen dira, ez baitute ezagutzen afalorduan bere alabaren tokian esertzen den neska gazte hura. Eta lagundu nahiko liokete igarobidean, bi hankatan, edo bizikletan, edo lagunekin haserretzean lagundu zioten bezalaxe. Hiruek zein arraro sentitzen diren elkarri aitortuko baliote, errazagoa zatekeen guztia, baina hori ez da posible: nerabe eta gurasoek berezkoa baitute den-dena dakitenaren uste ustela.