Síguenos en redes sociales:

Besteak

NIRE lagun batek, aita denak, kontatzen dit seme-alaben eskolara egindako bisita, beste eskola batekoekin futbol partida, edo saskibaloi partida, ez dut gogoan, ikusteko; beste eskolakoen deskribaketa osoa egiten dit, haurrena zein gurasoena: pijoak goitik behera, guztiok ulertzen dugun hitz erraz batekin esateko. Haurren eta gurasoen janzkerak eta kolonia usainak deskribatzen ditu zehatz-mehatz: orrazkeratik automobiletara doa xehetasun guztiak, ñimiñoenak ere, ahantzi barik. Hizkun-tzak, hizkuntzek, bere txokotxoa du, dute, jakina. Kontatzen duen bitartean plazer urrun bat atzematen diot begietan: bere seme-alabak, bere eskola, bere eskolako gurasoak ez dira horrelakoak, guay dira, jatorrak, cool, ezkertiarrak, konprometituak, euskaldunagoak. Gogoratzen diodanean bere eskola, edo bere auzoa, ez dela ere hiriko pobreena amorruz begiratzen dit bere plazer sekretua hain modu desegokian apurtzeagatik.

Sartre-ren esaldi ospetsu hura ("l'enfer, c'est les autres", infernua besteak dira) zalantzan jartzen hasi naiz. Nire lagunarentzat besteak, azken finean, paradisua dira eta ez infernua: besteei esker, besteekin egin duen konparazioari esker bere munduan erosoago sentitzen da, besteek konfirmatu diote zer den bera, eta zer pozik dagoen den bezalakoa izaten. Beste horiek gabe galduta ibiliko zen agian, zalantzaren bat sortuko zitzaion beharbada, baina, ez, hor daude besteak segurtasunean seguruago egoteko.

Besteak dira zatarrak, ez gu; besteak dira amore ematen ez dutenak, ez gu; besteak dira kutreak, ez gu; besteak dira errudunak, ez gu, besteak dira ezjakinak, ez gu; besteak dira ergelkeriak esaten dituztenak, ez gu. Besteek talde egiten gaituzte, tribu, komunitate.

Zentsura besteen kontua da, ez gurea. Eskertu beharko genieke besteei existitzea bera ere, besteei monumentu bat eraiki beharko genieke. Gu, gureak, gutarrak (modan berriro jarri den euskal hitz zatarrenetako bat) izateko besteen beharra dugu. Gureak oraindik gure diren jakiteko ere besteak behar ditugu.